Pilota

Etxeberriak eta Zabaletak garaipenarekin ekin diote San Fermin Torneoari

Guaixe 2024ko uzt. 9a, 11:00

Zabaleta eta Albisu, San Fermin jaialdiko partidan. IÑAKI PORTO

Jakaren eta Albisuren kontrako partida gogorrean garaipen garrantzitsua lortu zuten

Uztailaren 7an abiatu zen San Fermin Binakako Torneoa. Peio Etxeberriak eta Zabaletak, egungo binakako txapeldunek, Jaka eta Albisu izan zituzten aurkari mukuru beteta eta festa giroan murgilduta zegoen Labriten. Partida gogorrean, Etxeberriak eta Zabaletak 18-22 hartu zituzten mendean Jaka eta Albisu, eta sanferminetako trofeo preziatua janzteko hautagai faboritoen artean daudela erakutsi zuten. 2021. urtean txapeldunak izan ziren Iruñean, eta aurten trofeoa berritzea du buruan bikoak. 

Dirua Etxeberria eta Zabaletaren alde atera zen hasieratik. 100 eta 40-ren aldeko apustuak kantatu ziren euren alde. Hasieran, nolanahi ere, parez pare aritu ziren bi bikoak, eta lehia oso gogorra izan zen. Seiko eta hamalauko berdinketak izan ziren, baina hortik aurrera alde 15-21 aurreratu ziren Peio Etxeberria eta Zabaleta, eta nahiz eta Jaka eta Albisu 18-21era gerturatu, Etxeberriak eta Zabaletak azken tantoa ixtea lortu zuten, eta 18-22 gailendu ziren. 

Altuna-Martija, lehian
Gaur, uztailak 9, asteartea, Altuna III.ak eta Martijak Jaka eta Albisu izango dituzte aurkari 22:15ean Labriten hasiko den jaialdian. Jaialdia ixten duen partidan Joanes Bakaikoak eta Elizegik De la Fuente eta Gaskue izango dituzte aurkari.