Uztailaren 10eko San Fermin Herri Kirol Jaialdien barruan Nafarroako hiru trontza txapelketa jokatu ziren. Horretaz gain, herri kirol proba konbinatuen erakustaldia egin zen, eta bertan Andra Mari ikastolako talde batek parte hartu zuen.
Nafarroako Gizonezkoen Trontza Txapelketan bi bikok jokatu zuten, aurretik lan itzela zutela: etzanda jarritako kanaerdiko enborrari 14 epai, eta zutik jarritako kanaerdikoari 4 epai egitea. Iraizozko Josetxo eta Iñaki Barberena anaiak izan ziren nagusi (14:39) eta ia minutu bat gehiagoko aldea atera zieten Urritzolako Aritz Legarreari eta Aizarotzeko Jon Etxeberriari (16:34). Beraz, Legarrea txapeldunordea dugu.
Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketan bost bikote lehiatu ziren, eta tartean zeuden Andra Mari ikastolako Jokin Campos eta Adur Lizarraga. Etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai egiteko lanean azkarrenak Oier Migeltorena eta Aiert Fagoaga izan ziren (6:50), Danel Urtxegi eta Mattin Fugiren aurretik (7:09). Jokin Camposek eta Adur Lizarragak osatu zuten podiuma (8:10).
Nafarroako Emakumezkoen Trontza Txapelketa Ainhoa eta Maria Iraizoz ahizpek irabazi zuten (8:41).