Txirrindularitza

Avilesen irudi oso ona eman zuten txirrindulari sakandarrek

Guaixe 2024ko uzt. 16a, 09:30

Nafarroako selekzioa, Avilesera abiatu baino lehen. NAFARROAKO FEDERAZIOA

Iker Gomez eta Luca Martinez Top 10ean sailkatu ziren, eta Ane Beltran de Heredia Top 20an

Uztailaren lehen asteburuan eskola adineko Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu ziren Avilesen. Nafarroako selekzioak hautatutako txirrindularien artean bederatzi sakandar zeuden deituak txapelketan aritzeko. Eta sailkapenei begiratuta, sakandarrek lan ederra egin dutela ezin da ukatu. 

Iker Gomez eta Ane Beltran
Juniorrei dagokienez, gizonezkoen 19,5 kilometroko erlojupekoan Iker Gomez altsasuarra bosgarren sailkatu zen (23:05), Adria Pericas txapeldunetik (Katalunia, 21:58) 1:07ra. Ekain Imaz altsasuarra hamabigarren izan zen, 1:48ra (23:47). Errepideko lasterketan (135,9 km), Marc Zafra (Katalunia) gailendu zen, esprintean (3:19:26). Iker Gomez bederatzigarren sartu zen (3:20:59, 1:33ra), eta Ekain Imaz 33. (3:22:30). Ekaitz Perez eta Eñaut Oiarbide ez ziren sailkatu. 

Emakumezkoen juniorretan, Nafarroako selekzioko Paula Ortiz izan zen txapeldun handiena, erlojupekoa (25:22) eta 82 km-ko errepideko lasterketa (2:20:36) irabazi baitzituen. Errepideko proban Ane Beltran de Heredia altsasuarra hemezortzigarren iritsi zen helmugara (2:24:24), Ane Berastegi arbizuarra 38. (2:32:33), eta Siets Goikoetxea urdiaindarra 43. (2:35:11). 

Kadeteak
Kadeteen gizonezkoen mailan, taldekako erlojupekoan (11,5 km) Nafarroako selekzioa laugarren sailkatu zen (15:38), Valentzia txapeldunetik (11,5 km) 19 segundora. Nafarroako laukotean Luca Martinez lakuntzarra zegoen. Hain zuzen ere, Luca Martinez kadeteen errepideko proban Top 10ean sailkatu zen, zazpigarren iritsi baitzen helmugara (1:31:00), Fran Alemany txapeldunetik (Katalunia, 1:30:11) 49 segundora. 

Kadeteen emakumezkoetan, Alejandra Neira galiziarrak irabazi zuen erlojupekoa (18:00) eta errepideko lasterketa (1:28:04). Ez zen sakandarrik aritu.

Haurrak
Haurren emakumezkoen mailan, ginkana proban Laura Perez (Extremadura) gailendu zen (2:38.83) eta Enara Perez olaztiarra 34. sailkatu zen (3:00.26). Errepideko proba Valeria Piñolek irabazi zuen (Katalunia, 21:16), eta Enara Perez 26. iritsi zen helmugara (21:31, 15 segundora. 

Bukatzeko, BTT modalitatean, Ekaitz Zufiaurre urdiaindarrak haurren gizonezkoen mailako proban parte hartu zuen. Galiziako Guillermo Garciak irabazitako 8,5 km-ko lasterketan (34:13) Zufiaurre 54. sailkatu zen (41:20), 7:07ra. Taldekako sailkapenean Nafarroa laugarren izan zen.