Aizkora

Mitxelena eta Saralegi, Nafarroako III. Mailako Txapelketako finalera

Guaixe 2024ko uzt. 16a, 10:00

Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketako une bat. JON URRIZA

Sanferminetan jokatutako kanporaketan lehen bi postuetan sailkatu ziren altsasuarra eta irurtzundarra. Aristizabalek eta Goikoetxeak ez zuten finalerako txartela lortu

Uztailaren 11n San Fermin Herri Kirol Jaialdien barruan Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatu zen, 30 graduko tenperaturako berotzarrarekin. Hamahiru aizkolari lehiatu ziren, tartean lau sakandar, final handirako jokoan zeuden lehen bost postuen lehian. Egin beharreko lana bi kanaerdiko erdibitzea zen. 

Oier Mitxelena altsasuarra izan zen kanporaketako azkarrena, lanak 5:10 minututan egin eta gero. Bere atzetik Aitor Saralegi irurtzundarra sailkatu zen, 28 segundora (5:38). Julen Urrutiak (5:59), Beñat Senosiainek (6:45) eta Iker Goldarazenak (6:48) osatu zuten abuztuaren 17an, 18:00etan, Arantzan jokatuko den final handiko finalisten zerrenda. 

Amets Aristizabal urdiaindarra zortzigarren sailkatu zen (8:00), eta Ioan Goikoetxea etxarriarra, bederatzigarren (8:08.39). Ez zuten finaleko txartela lortu, baina txukun lehiatu ziren.