Belaunikatu da Jonas! Edo belaunikarazi du Pogacarrek. Visma taldeak ardura hartu nahi izan du Pirinioetako etapa gogorrenean, erritmo itoa jarri Pogacar-en morroiak eta Pogacar bera nekarazteko helburuarekin, baina euren taktika kontrako eztarritik joan zaie Pogacar irits ezin dagoelako. Vismari osagai bat edo bi falta zaizkio lasterketa gogortzeko, Matteo Jorgensonek Plateau de Beille-eko igoeran egin dituen lehen bost kilometroak zirkinik ere ez diotelako egin Pogacar-i. Vingegaardek helmugatik bederatzi kilometrora jo duen erasoak ere ez, liderrak aise eutsi baitio erasoari. Danimarkarkarrak ez du Pogacarren erritmo aldaketarik, eta erritmoa bizituz erasotzen du. Tropeleko beste ziklista guztiak urrundu ditu Vingegaard-ek, baina urrundu nahi zuena ez, eta bandejan eman diote Tourra Pogacar eta UAE taldeari.
Bandejan, Vismak saiatzera, ardura hartzeko beharrean ikusi duelako bere burua, atzo Pogacarrek eman zuen erakustaldiaren aurrean. Saiatu, Pogacarrek ahuldaderen bat erakusten ote zuen jakiteko. Saiatu, hor daudela erakusteko; berehalakoan ez direla belaunikaratzen erakusteko munduari. Eguerdian zeukaten ilusioa, esperantza, baina, txistu batean itzali du Pogacarrek. Tropeleko txirrindulari indartsuena da Tour honetan, eta gauzak normal, poltsikoan dauka bere hirugarren Tourra. Zeruak eta lurrak bat egiten ez badute Pogacar podiumeko koskarik gorenera igoko da gaur zortzi Nizan. Vingegaarden esperantza bakarra Pogacarrek datorren asteko saldarekin txakalaldiren bat izatea da, baina izanen balu ere, Pogacarrek hiru minutuko koltxoi erosoa dauka errenta lasaitasunez gestionatzeko.
Nabarmentzeko modukoa Mikel Landak egin duen etapa handia. Laugarren postuan helmugaratu da Murgiakoa, eta sailkapen nagusiko aurkari guztiak atzeratu ditu, Top 5ean sartzeko. Remco Evenepoel-en ezkutari leial jardunean ari da arabarra, baina Evenepoel-ek bost minutuko koltxoia du laugarren sailkatuarekiko, Joao Almeiidarekiko, eta Mikel Landak Top 5 hori babesteko, etaparen bat bilatzeko aukera izan dezake azken astean. Tourrak bigarren atseden eguna hartuko du bihar, asteazkenetik aurrera Alpeetan murgiltzeko.
(Andoni Urbistondo)