Beasain mendi korrikalarien topaleku izan zen asteburuan. Hitzordua, garrantzitsua zen: Ehunmilak ultratraila (171 km, 10.500 m desnibel +), Goierriko Bi Handiak ultratraila (90 km, 5.500 m desnibel +) eta Marimurumendi maratoia (42,195 km, 2.300 m desnibel +).
Uztailaren 12an, ostirala, 18:00etan abiatu ziren Ehunmilak-eko partaideak Beasaindik. Mandubia, Elosua, Madarixa, Jazkue, Txindoki, San Adrian eta Beasain gainditzea 227 korrikalarik lortu zuten, eta 158 erretiratu egin behar izan ziren, probaren gogortasunaren isla. Helguera de Reocineko Fidel Fernandez Varela izan zen txapeldun handia (23:26:07), Zumaiako Igon Manzisidor Arrutiri 19:41 aterata. Xabier Bergera Lekuona altsasuarra ikusgarri lehiatu zen, Top 20an sailkatu baitzen, hamaseigarren (27:55:23). Aitor Salinas Madinabeitia etxarriarra 54. sartu zen (30:51:07) eta Eugeni Etxarte Baraibar eta Gaizka Angulo Beloki irurtzundarrak batera iritsi ziren helmugara, 115. (37:05:26) eta 116. (37:05:27) postuetan. Ioritz Goñi, Eneko Razkin eta Alvaro Legarra irurtzundarrek ezin izan zuten proba bukatu. Emakumezkoetan Chelo Velasco Barros izan zen txapeldun handia (29:19:53).
Goierriko Bi Handietan parte hartu zuten korrikalariak uztailaren 12an, 23:00etan abiatu ziren, 90 km-ak osatzeko prest. Izenak dioen moduan, Goierriko Bi Handiak gainditu zituzten: Txindoki eta Aizkorri. Txapela Goierrin geratu zen, Ioseba Eskudero Perez idiazabaldarra gailendu baitzen (10:01:33). 13:56 minutu atera zizkion Ander Iñarra Olaziregiri. 27. postuan Ander Iraizoz Erbiti altsasuarra sailkatu zen (12:36:57), eta 2 minututara Olatz Azazeta Pelaez altsasuarra iritsi zen helmugara (12:39:13), sailkapen orokorrean 30. baina emakumezkoetan bigarrena, Elgoibarko Mayi Mujika Errasti txapeldunaren atzetik (12:00:40). Sekulako lasterketa egin zuen altsasuarrak. Joxeja Maiza Begiristain etxarriarra 104. iritsi zen helmugara (14:57:17), eta Xabier Mauleon Ezkutari etxarriarra 281. postuan (18:53:31). Guztira 372 korrikalari sailkatu ziren, baina 82k ezin izan zuten proba bukatu, tartean Izaskun Agirre Uria olaztiarrak.
Bukatzeko, Marimurumendi maratoia uztailaren 14an jokatu zen. Ribes de Freserreko Samuel David Dávilak (3:39:09) eta Segurako Ainhoa Intxausti Berasategik (4:18:28) lortu zuten garaipena. Ez zen korrikalari sakandarrik izan.