Automobilismoa

Arbizuk eta Galarzak saria ekarri zuten Alfarotik

Guaixe 2024ko uzt. 16a, 12:30

Iñigo Arbizu eta Iñigo Galarza, pozik Alfaron. SAKANA MOTORSPORT.

X. Alfaro Hiria Lur Gaineko Eremuan bere kategorian hirugarrenak izan ziren

Uztailaren 13an X. Alfaro Hiria Lur Gaineko Eremua jokatu zen. 11 kilometroko itxitako lur eremua hirutan osatu behar izan zuten automobilismo proban lehiatu ziren 34 taldeak. Azkarrenak Bosteko Eskuderiako Gorka Eizmendi eta Estibaliz Armendariz (Skoda Fabia R5) izan ziren (16:41.800). Sakana Motorsport eskuderiako Iñigo Arbizu pilotua eta Iñigo Galarza kopilotua (Ford Focus 1.6) ikusgarri aritu ziren (20:14.500). Hamahirugarren sailkatu ziren scratch edo sailkapen orokorrean, baina euren mailan, 2 RM 1.6 mailan, hirugarrenak izan ziren proba gorabeheratsuan. 

Sakana Motorsportetik azaldu dutenez, “lehen pasadan bi gurpil hautsi zitzaizkien eta bigarren pasadan beste bi. Hirugarren pasada izugarri disfrutatu zuten, marka ona lortuz”. 

Sakana Motorsporteko Aitor Fernandez eta Iker Askargorta (Seat Ibiza 2.0 16v) ongi ari ziren lehian, baina, tamalez, hirugarren pasadan izandako matxuragatik ezin izan zuten proba bukatu.