Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, hiru eskualdeetako errepideen kontserbazio zentroetako lanak eman ditu. Guztira 5,4 milioi euroko aurrekontua dute lan horiek. Diru horretatik 1,8 milioi euro Irurtzungo kontserbazio zentrora bideratu du gobernuak
Irurtzungo kontserbazio zentroak haren menpeko diren bi autobietan bina zati birgaituko ditu. Iparraldeko Autobian (A-1) Etzegarateko noranzkoan 399,60 eta 402,73 kilometro puntuen artean, hau da, Altsasuko Murgilgo tuneletik Erkuden ermita ondoko autobia irteeraraino. Eta Arabako noranzkoan, 391,700 eta 395,100 kilometro-puntuen artean, Olatzagutiko mendebaldeko irteeratik mugaraino. Sakanako Autobian (A-10), berriz, 28 eta 29 kilometro-puntuen artean, Arabako noranzkoan, Urdiain eta Altsasu artean eta Bakaikuko noranzkoan, 27 eta 28 kilometro-puntuen artean, Iturmendi eta Urdiain artean.
Nafarroako Gobernutik adierazi dutenez, lan horiek “gobernuaren bide ondarea bide, segurtasun eta erosotasun baldintza egokietan mantentzeko egiten dituen kontserbazio ekintzen barruan dago”. Gaineratu dutenez, lanen helburua da “Foru Erkidego osoko gizarte eta lurralde kohesioa bulkatzea da. Kasu honetan, zerbitzu publiko gisa errepideen egoera hobetzearen aldeko apustuak pertsonak hainbat interesgunerekin konektatzeko aukera ematen du eta erabakigarria da Nafarroaren ekonomia garapenerako”.