Urbasa-Andiako pista eta aparkalekuetan hobekuntza lanak eginen dira

Guaixe 2024ko uzt. 24a, 11:15

Urbasako Bisitarien Arretarako Zentroaren ondoan dagoen aparkalekua da konponduko dutenetako bat. ARTXIBOA

Parkeko pistak eta aparkalekuak hobetzeko bi proiektu emateko deialdia egin du foru administrazioak. Eskaintzak aurkezteko epea garilaren 31ko 23:30ean despedituko da. Lanak irailaren 30erako despedituta egon beharko dute. 

Nafarroako Gobernuak Urbasa-Andia natur parkeko hainbat pista eta aparkalekuren egoera hobetzeko bi lan eman nahi ditu. Guztira 240.459,60 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute, eta gobernuak errekuperazio eta erresilientzia mekanismoaren kontura finantzatuko ditu. Alde batetik, aparkalekuak eta baso pistak hobetzeko proiektua dago, 160.093,77 euroko (BEZ barne) aurrekontua duena eta aurten eta heldu den urtean pagatuko dena. 

Proiektuak jasotzen duenez, Urbasako Portugain, Bisitarien Arretarako Zentrokoa, Otsaportillo eta Kataliturri aparkalekuak hobetu nahi du gobernuak. Lehenengo bietan, lehendik dagoen zorua egokitu eta hobetu nahi da, autoak etengabe pasa daitezen. Azken bietan, berriz, zorua hobetu nahi da zati batean edo osorik, kamioiek eta basoko makinek erabili ahal izan dezaten nagusiki, zuloak ager ez daitezen.

Bestetik, sei bidetan zorua berritu edo konponketak eginen dira: Arratondoko bidean, Arratondoko pinudirako bidean, San Adrianerako bideko hiru puntu beltz zati zolatu dira, Ingirako bide nagusitik Miruetarako sarbidea hobetuko da, bidegurutze arriskutsua kenduz, Sosa-Zaborrateko bidean eta Ingirako bideko lau zati hobetuko dira.  

Ekaitzako pista
Urbasaren hegoaldean, Ubaba ondoan dagoen pista hobetzeko gobernuak 80.365,83 euro (BEZ barne) bideratu ditu. Pista, gaur egun, Urbasa Andia Parke Naturaleko bigarren mailako pista bat da. Bere erabilera abeltzaintzan zentratuta dago batez ere, inguruko egurra ateratzean eta aisialdirako erabileran. Pistatik Parkearen mendi bizikletako ibilbideetako bat pasatzen da.

Baso bakanketa egitea aurreikusi da eta bertatik kamioiak pasa behar direnez, pista hori hobetzeak zuzenean eragingo du menditik lortzen den egurraren prezioan. Pistaren trazadura asko hobetu daiteke, bihurgune txiki eta eremu estu askotatik igarotzen da, eta beharrezkoa da zenbait puntutan trazadura handitzea eta bihurguneak handitzea kamioiek zirkulazio hobea izan dezaten. Pistan ez dago ez ezpondarik ezta euri ura drainatzeko modurik, beraz, putzuak eta lohi guneak sortzen dira. Lanekin horiek kendu, zorua berdindu, bidea zabaldu, karga lekuak egin eta ibilgailuek buelta emateko tokiak prestatuko dira, besteak beste.