Natur parkean askak jarri eta sasiak kentzeko lanak eginen dira

Guaixe 2024ko uzt. 25a, 11:11

Behorrak Urbasako ur baltsa baten aldamenean. ARTXIBOA

Urbasa eta Andia mendiak Hobetzeko 2024ko Planaren barruan sartu ditu foru administrazioak. Lanek 86.254,19 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute, foru administrazioak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez finantzatuko du. 

Nafarroako Gobernuak aurten Urbasa-Andia natur parkean bi lan egin nahi ditu eta horiek emateko deialdia egin du. Alde batetik, San Donato, Roya eta Baiza dermiotean askak jarri edo hobetzeko 56.686,19 euro (BEZ barne) bideratuko ditu. Izan ere, hiru inguru horietan azienda ugari egoten da eta ur premia handia dute. San Donato parajean 2011n eraikitako aska bat dago. Egur tratatuzko oholez forratutako altzairu galbanizatuzko aska bat da, 5 metroko barne-luzera, 0,4 metroko zabalera eta 0,6 metroko altuera duena. Eremu horretako ur-eskaria uraska bakarrarekin hornitu daitekeena baino handiagoa denez, 5,6 metro luze, 80 cm zabal eta 50 cm garai den modulu bat instalatzea erabaki du gobernuak.

Roya baltsa Andia mendilerroaren iparraldean dago. Abeltzaintza-karga handiko eremua denez,  beharrezkotzat jotzen da aska bat eraikitzea. Askak 5,6 metroko luzera, 80 cm-ko zabalera eta 50 cm-ko sakonera duen modulu bat izanen da. Baizan ere aska bat jarriko da. Dagoeneko hodiak jarrita daude, baltsarainoko azken 30 metroetan salbu. 5,6 metroko luzera, 60 cm-ko zabalera eta 50 cm-ko sakonera duen modulu bat beharko da.

Sasi garbiketak
Urbasa eta Andia Mendietako zenbait paraje sasiz garbitzera 29.568 euro (BEZ barne) bideratu ditu Nafarroako Gobernuak. Aurten 20 hektareako azaleran eginen dira sasien garbiketa. Zehazki honako parajeetan: Ollon 3,50 Ha, Olderitzen 3,50 Ha, Zalbiden 4,50 Ha, Zaborraten 4,50 Ha eta Andaasarri-Lezamenen 4,00 Ha.

Administraziotik azaldu dutenez, 2018 eta 2023 urteen artean mendian belar-sastrakak garbitzen eta erretzen ari dira azken urteotan, horrela sasi tokien bilakaera kontrolatzeko. Lan horiek honako parajeetan egin dituzte: Lezamen, El Raso (Arratondoko txokoa), Zunbeltz, Andasarriko sakana eta Zalbide. Sasi garbitze lan horiekin abereen irisgarritasuna ahalbidetu eta bazka ekoizpena eta kalitatea hobetu nahi ditu gobernuak. Horretarako, elorri, ezpel eta ipuru masa handiak dauden tokietan sarbide-kaleak ireki dira eta zuhaiztietan belar-sastrakak kendu dira, artzaintza-eremuak lotuz. Ondorioz, mosaiko formako egitura lortu da, larrea eta zuhaixkak dituena. 

Bi egitekoak bere egin nahi dituen enpresak eskaintza garilaren 31ko 23:30era arte aurkez dezake. Lanak azaroaren 15erako despedituta egon beharko dute.