Festetan ere sexu erasoen kontra

Guaixe 2024ko uzt. 19a, 13:29

Txupinazoaz geroztik pankarta dago Irurtzungo udaletxean.

Bi berdintasun zerbitzuek sustatu dute, atzera ere, 'Jarain! Eraso sexistarik gabe Sakana libre!' kanpaina 

Herrietako festak baliatuz, Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko Udaleko berdintasun zerbitzuek sexu erasoen kontrako kanpaina bateratua egin dute. Teknikariek azaldu dutenez, kanpainak bi helburu ditu. "Alde batetik, festa egun eta festa eremuetan emakumeenganako erasoen kontra herritarrak sentsibilizatzea. Eta, bestetik, errealitate horren aurrean, instituzio zein jendarte osoaren ardura eta konpromiso irmoa adieraztea". Teknikariek dei egin diete "udal ordezkari eta herritar guztiei emakumeen kontrako erasoen aurrean arduraz jokatzera, festak herritar guztientzako gozagarriak izan daitezen".

Aurten kanpainarako honako leloa aukeratu dute: Jarain! Eraso sexistarik gabe Sakana libre! Kanpainaren bidez, Sakanako ia herri guztietako festetan indarkeriaren kontrako irudi bateratua jendarteratuko dute. Altsasuren kasuan, leloa Zure ardura da /Depende de ti izanen da. Zerbitzuetako arduradunek azaldu dutenez, "bi leloak elkarren osagarriak dira". 

Zabalkundea 
Lelo horiek Sakanako herri guztietako kaleetan jarriko diren karteletan irakurgai izanen dira. Udaletxe eta eraikin publikoetan pankartak izanen dira. Gainera, kanpainaren barruan, esku moreen pinak banatuko dituzte festetan dauden herrietan. Horrekin batera, festetan indarkeria sexistaren prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzeko informazio guneak jarriko dituzte ia herri guztietan. "Horien helburu nagusia erasoen gaineko informazioa ematea eta horiei aurre egiteko tresnak eskaintzea da", azaldu dute. Informazio gune horietan Emagin elkarteko hezitzaileak izanen dira argibideak ematen. 

Horrekin batera, taberna eta txosna-guneetan eraso sexistei aurre egiteko jarraibideak ikusgai jarriko dituzte. "Horrela, herritar guztiek jakin dezaten nola jokatu erasoen aurrean". Gainera, tabernari nahiz txosnetako langileen kasuan, jarraibide espezifikoak landu eta tabernarien eskura jarri dituzte.