Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Nafarroako korridorea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Y-a lotzeko bi aukera daude: Aralar azpian tunela egin eta Ezkion lotunea egin edo, bestela, Nafarroako korridoreak Sakana zeharkatzea eta lotunea Gasteizen egitea. Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez Vicentek azken aukera horren alde egin du eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza Larrañagak, berriz, Ezkioren alde. Garilaren hasieran egin dute iritzi trukea.
Sakana Trenaren Alde plataformako kideek adierazpen horiek ez dituzten batere gustuko izan: "Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak AHTren lotura beraien lurraldeetan egiteko lehiatzen diren bitartean, sakandarrok inongo zerbitzurik jaso ez eta ibarrean triskantza eraginen lukeen AHT onartzera behartu nahi gaituzte". Nabarmendu dutenez, "apirilaren 20ko Altsasuko manifestazio jendetsuan sakandarrek AHT plataforma berri bati ezetz esan genion, eta berriz ere esanen dugu: Sakanak tren zerbitzu egokiak behar ditu eta ez geldialdirik eginen ez lukeen plataforma berri batean pasako litzatekeen AHT". Plataformako kideek betiko trena gaurkotzearen, hobetzearen eta eskaintzen dituen zerbitzuak areagotzearen alde egin dute.
Bestetik, Sakana Trenaren Alde plataformako kideek gogorarazi dute proiektu hori gauzatzeko geologia zundaketak egiteko eskaera ugari daudela. Horregatik, zundaketak egiten ari direla ikusten dutenak gonbidatu dituzte udalarekin harremanetan jarri edo 656 111 130 telefono zenbakira hots egitera.