Asteburuan hasi zen CaixaBank Mastersa 2024, udako torneoa. Torneo honetan Aspeko eta Baikoko pilotariek elkarrekin jokatzen dute, eta aurten torneoa indartzea erabaki zuen L Eskuzko Pilota Enpresen Ligak, bi bikote gehiago lehiatzen ari baitira, zortzi bikote guztira.
Uztailaren 19an, Llodion, Altuna III.ak eta Iztuetak 22-11 irabazi zieten Jakari eta Martijari, irabazleendako partida nahiko erosoa izan zenekoan.
Uztailaren 20an, Barakaldon, Peña II.ak eta mina hartuta dagoen Zabaleta ordezkatu zuen Bikuñak 21-22 galdu zuen Peio Etxeberria eta Mariezkurrena II.aren kontra partida polemikoan. Sanferminetan gertatu bezala, atzera ere atxikiak izan ziren protagonista. Peñak egindako bolea batean atxikia egon zela protestatu zuen Mariezkurrenak, baina epaileek jokaldi garbia ikusi zuten. Aldiz, Mariezkurrenak ustez egindako atxikia seinalatu zuten epaileek. Nolanahi ere, Etxeberriak eta Mariezkurrenak uste baino gehiago sufritu behar izan zuten jokoan zegoen puntua lortzeko.
Uztailaren 21ean, Otxandion, Ezkurdiak eta Albisuk 17-22 galdu zuten Lasoren eta Tolosaren kontra. Ezkurdia eta Albisu sendo hasi ziren, dominatzen eta 3-1 aurreratuz, baina gutxika arerioak jokoan sartu ziren eta Lasok partidaren kontrola hartu zuen bere gain. Nolanahi ere, partidaren erdialdera arte parez pare ibili ziren bi bikoak, baina Lasok erritmoa ezarri zuen eta bigarren atsedenaldira urdinak 13-18 iritsi ziren aurretik. Lortutako abantaila ongi kudeatu zuten, eta 17-22 irabazita lehen puntu gozoa lortu zuten Lasok eta Tolosak.
Bigarren jardunaldiak dakarrena
Bigarren jardunaldia egunotan jokatuko da. Uztailaren 25ean, Ermuan, Altunak eta Iztuetak Zabala eta Imaz izango dituzte aurkari. Egun berean, Elizondon, Lasok eta Tolosak Peña II.aren eta Zabaletaren kontra jokatuko dute. Uztailaren 26an, Astigarragan, Jaka-Tolosa eta Artola-Rezusta izango dira aurkariak, eta, bukatzeko, uztailaren 23an, Larraintzarrek Ezkurdia-Albisuren eta Etxeberria-Mariezkurrenaren lehia hartuko du.