Txirrindulariak

Imaz eta Gomez, Iruñerriko Itzuliko borrokan

Guaixe 2024ko uzt. 22a, 10:36

Tropela Etxarri Aranatzetik bueltan. MARTIN EARLY

Juniorren mailako proban uztailaren 22an etapa nagusia jokatuko da, Undianon, sailkapenean erabakigarria izatea espero dena. Ekain Imaz eta Iker Gomez altsasuarrak liderraren denbora berean daude

Uztailaren 20an hasi, eta uztailaren 23an despedituko da junior mailako Nafarroako hitzordu garrantzitsuena: XXXVIII. Iruñerriko Itzulia. 

Lehenengo etapa Mutiloan hasi eta despeditu zen, uztailaren 20an, eta esprintean erabaki zen. Bigarrenak, uztailaren 21ean, Ororbia izan zuen abiapuntu eta helmuga (110,7 km), baina Sakanatik pasatu zen, Asiaindik Irurtzunen sartu, Etxarri Aranatzeraino heldu, han buelta hartu eta atzera ere Irurtzundik Errotzera sartu zelako. Tropela batuta iritsi zen helmugara, eta esprintean Alimco Campgnolo taldeko Eneko Egurrola gasteiztarra gailendu zen (2:52:58). 

Sailkapen orokorrean Eñaut Urkaregi (Tolosa / Danena) da liderra, Hector Alvarez bigarren, eta Mario Gomez hirugarren, guztiak denbora berean (5:32:20). Sakandarrei dagokienez, lehen sakandarra Ekain Imaz (Tolosa / Danena) altsasuarra da, 21. postuan, eta bigarrena Iker Gomez (Quesos Albeniz) altsasuarra, biak ere liderraren denbora berean. Quesos Albeniz taldeko gainontzekoen kasuan, Eñaut Oiarbide 58. postuan dago; Ekaitz Perez 70.ean; eta Mikel Viloria 86.ean, 

Nafarroako sailkapenean Iker Villar (Robert Innova) da lehen nafarra, atzetik Ekain Imaz eta Iker Gomez dituela, guztiak berdinduta (5:32:20). 

Undianokoa, erabakigarria
Undianok hartuko du hirugarren etapa (109,5 km), uztailaren 22an. Hau da etapa nagusia eta sailkapena apurtuko duena, txirrindulariek Orenain, Mañeru, Arradia, Girgillano eta Belaskoain gainak gainditu beharko baitituzte, Astrain, Etxauri eta Zirizako murruekin batera. Lasterketa zabal-zabalik dago, eta lehen kilometrotik erasoak espero dira. Etapa 17:00etan abiatuko da eta helmugaratzea 19:50ak aldera izatea espero da.