Lerinek 46. Nafarroako Auroroen Topaketa hartu zuen igandean, garilaren 21ean. Errioxa, Aragoi, Euskal Autonomia Erkidegoa, Valentzia eta Nafarroako 63 talde eta 1.800 pertsona inguru bildu ziren. Tartean sakandarrak izan ziren. Bakaikuarrek eta etxarriarrek bazuten eskarmentua halako topaketetan, baina zazpi olaztiar eta ziordiar ere batu ziren aurrenekoz, eta guztiak autobus batean joan ziren Lerinera.
Etxarriarrak (Inbraham eta Mikel Auzmendi) eta olaztiarrak (Max Spinu eta Anjel Herrera) parte hartu zuten ezkila errepikaren ondoren, eta gosariaren ondoren, 08:00etan parte hartzaileei ongi etorria eman zieten Leringo alkate Esmeralda Masok eta Leringo auroroen ordezkari Lourdes Rodriguezek. Leringo Musika bandak Nafarroako Gorteen Ereserkia jo zuen eta, ondoren, bertan zeuden guztiek Nafarroako Auroroen Ereserkia abestu dute, Joaquin Madurgaren Salve Aurora Maria. Jarraian, 08:30ean, auroro guztiak sei talde handitan banatu zituzten eta gidariak lagunduta Leringo txoko guztietan barna kantari aritu ziren. Auroroek indarrak hartzeko, antolakuntzak hamabi mahai prestatu zituen.
Halako topaketetan euskaraz gutxiago kantatzen denez, sakandarrek beraien errepertorioan euskarazko kanta gehiago sartu zituzten, "Erriberakoei euskara entzutea gustatzen zaie, eta guri hemengo ohiturazko kantak beraiekin partekatzea", azaldu zuen Auzmendik.