Iturmendirako, justizia ala mendekua?

Erabiltzailearen aurpegia Bitoriano Gabirondo, Santi Agirre eta Juan Kruz Aldasoro 2024ko uzt. 23a, 10:09

Marilyn Vos Savant: "Justiziazko ekintza batek kapitulu bat ixtea ahalbidetzen du; aldiz, mendekuzko ekintza batek kapitulu berri bat idazten du".  Faniren historia: uztailaren 16an epaiketa Entzutegi Nazionalean. Terrorismoa goratzea leporatzen zioten X sarean idatzitako iruzkin batzuengatik. Salaketa, UPNk. Entzutegiak auzia ireki zuen eta Fiskaltzak bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen zuen. Epaiketan Fiskaltzaren eskaera hori onetsia balitz, Fani espetxera.  Azkenean, epaiketara iritsi baino lehenago "akordioa" egon da defentsa eta akusazioen artean. Zigorra: bi urteko espetxealdia eta isuna. Fani ez da espetxeratua izanen. Gaitzerdi. Ezin Justizia deitu gertatutakoari, ordea. 

Faniren aurka jarri zen errepresio tresneria 2016an Altsasun guardia zibil batzuekin liskarra izan zuten gazteen aurka erabilitakoaren berdina da. Larritasun txikia duen auzi bati terrorismoaren izaera ematen zaio, bulkada politikoagatik. Auzia Entzutegi Nazionalera doa; Justizia Zero Gunera.

Fani Julen Galartza Iturmendiko bizilagunaren alarguna da. Julen 1978 urtean atxilotu zuten. Poliziak kotxea tirokatu zien Urbasako mendatean, eta Julen, Julenen arrebaren mutil laguna eta beste gazte bat zaurituak suertatu ziren. Zaurituak egoteak ez zien inkomunikaziotik eta torturatik libratu. Hamar urte kartzelan. Bere arreba Puri eta bere anaia Juan Mari atxilotuak eta torturatuak izan ziren Julen Soriako espetxean zegoela laguntzeagatik.

Fani izan dadila Madrilgo Entzutegi Nazionalean auziperatua izan den azken sakandarra. Bizitza politikoaren demokratizaziorako, Entzutegi Nazionala Justizia arruntean urtu dadila. Sistema Judizial burujabea euskal lurraldeetan euskal herritar guztiontzat. Hori da eskatuko duguna uztailaren 20an, larunbatarekin, Iturmendiko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioan.