Pilota

Bilboko Aste Nagusiko Torneoa aurkeztu dute

Guaixe 2024ko uzt. 24a, 10:15

Torneoaren aurkezpena, tartean Zabaleta eta Martija daudela. ASPEPELOTA.EUS

Zabaletak Elordirekin osatuko du bikoa, eta Martijak Altunarekin. Bestalde, Ezkurdiak eta Bakaikoak Bizkaia Torneoko finalean hartuko dute parte

Uztailaren 23an aurkeztu zuten, Bizkaia pilotalekuan, 2024ko Aste Nagusia Torneoa. Lau bikotek hartuko dute parte bertan. Abuztuaren 22an lehen finalerdia jokatuko dute Altuna-Martijak eta Elordi-Zabaleta bikoteek, eta abuztuaren 23an bigarren finalerdian ariko dira Urrutikoetxea-Mariezkurrena eta Laso-Imaz. Final handia abuztuaren 25ean erabakiko da. 

Ezkurdia eta Bakaikoa
Bestalde, Bizkaia Torneoko finala abuztuaren 20an jokatuko dute Oiz eta Sollube taldeek. Oiz taldean Ezkurdiak lau eta erdian parte hartuko du Sollubeko Peña II.aren kontra. Binaka, Oiz taldeko Altuna-Rezustak Sollubeko Laso-Mariezkurrena izango dituzte aurkari, eta, azkenik, buruz buru Oizeko Egiguren V.a Sollubeko Joanes Bakaikoaren kontra lehiatuko da. 

Sarrerak salgai daude Entradasfronton webgunean.