Txirrindulariak

Photo Finishak Ayala Serrano jarri du lider

Guaixe 2024ko uzt. 25a, 10:00

Lasterketako lehen uneak. MARTIN EARLY

IV. Iruñerriko Itzulia esprint estuarekin hasi zen. Sakandarrek denbora asko galdu zuten. Bigarren etapa, uztailaren 25ekoa, Errotzetik sartuko da Sakanara, Urritzolako gaina gainditu eta Etxarrendik Irurtzunera jotzeko

Uztailaren 24an hasi zen Emakumezkoen IV. Iruñerriko Itzulia, Mutiloan. Lasterketan Timac Agro Ermitagaña taldeko Ane Beltran de Heredia altsasuarra eta June Etxeberria urdiaindarra, eta Ecologicos Navarra-Beratxa taldeko Ane Berastegi arbizuarra eta Siets Goikoetxea urdiaindarra ari dira parte hartzen. 

Lehen etapan (70 km), txirrindulariek bi portu igo behar izan zituzten: Aizko gaina, Alzorrizen, eta Arangurengo gaina. Etapa mugituan ez ziren saiakerak falta izan, baina Arangurengo gaina Irati Arangurenek (Andoaingo), Irati Mitxelenak (independentea), Leire Almenak (Rio Miera) eta Aiala Serranok (Limousin) hartu zuten aurrea, atzetik zetorren tropelari tartea ateraz. 

Helmugara laukotea iritsi da batera, eta esprint estuan Ayala Serrano gailendu zen. 33 segundora sei txirrindulariz osatutako taldea sartu zen, eta gero, tantaka, gainontzeko txirrindulariak iritsi ziren. Sakandarrek denbora nahikoa galdu zuten sailkapen orokorrean. Ane Berastegi hamaseigarren sailkatu zen, 4:38ra; Ane Beltran de Heredia hemezortzigarren, 4:38ra; Siets Goikoetxea 23., 4:38ra; eta June Etxeberriak ezin izan zuen proba bukatu.

Ecologicos Navarra-Beratxa taldea izan zen etapako talderik onena, eta Irati Arangurenek mendiko sailkapena gidatzen du. Lehen nafarra Marta Pelayo da (Beratxa), Ane Berastegiren (Beratxa) aurretik. Ane Beltran de Heredia hirugarren nafarra da, eta Siets Goikoetxea laugarrena. 

Bigarrena Sakanatik pasako da
Emakumezkoen IV. Iruñerriko Itzuliko bigarren etapa, uztailaren 25ekoa, Berriobeitin jokatuko da (69.85 km), eta Sakana zeharkatuko du. 11:00etan hasiko da, eta Asiaindik Errotzera sartuko da, Urritzolako gaina gainditu, eta Etxarrendik Irurtzuneko bidea hartzeko. Handik Latasara joko du, Arostegira bidean. Ataburuko gaina gainditu eta gero, Berriobeitirantz joko du. Helmugaratzea 12:47ak inguruan izan daitekeela aurreikusten da.