Diskoarekin "pozik" dago Ane Martija abeslari etxeberriarra. Bidean aurrera lau abestiz osatutako EPa kaleratu du: Cuestión de suerte, Beti berdin, Guztia soberan eta Seres de Noche. Lehenengo aldiz gaztelaniazko abestiak kaleratu ditu. Gorka Urbizuren kontzertuaren aurretik jo zuen, Zentralen. "Jarraitzeko gogoarekin" dago.
Nondik datorkizu musika zaletasuna?
Txikitatik datorkit. Aitari musika asko gustatzen zaio eta familian ere musika gustuko izan dugu. Txikitan Irurtzungo musika eskolan musika ikastera sartu nintzen. Profesionalizatzen 2021ean hasi nintzen; orduan hasi nintzen kontzertuak ematen eta horrekin batera nire lehenengo abestia kaleratu nuen. Ordutik, abesti berriak grabatzen eta kontzertuak ematen joan naiz.
Musika ogibidea izatea amets bat zen?
Bai. Txiki-txikitatik amets bat zen. Gurasoei galdetzen badiezu, etxean eta herriko elkartean egoten nintzen kontzertuak ematen. Zortzi urterekin! Amets bat zen. Musika grabatzea eta egitea gustatzen zitzaidan eta hori egin nahi nuen.
Nolakoa izan da ibilbidea? Nola garatu zara?
Lehenengo abestia grabatu nuen zerbait egin behar nuela pentsatuz. Momentua zela pentsatzen nuen. Inongo helmugarik gabe. Musika grabatzen nuen eta ateratzen nuen. Hurrengo urtean beste abesti bat kaleratu nuen, eta inguruko herrietatik kontzertuak ematen hasi nintzen. Ezagutzen ninduen jendeak deitzen zidan kontzertu akustikoak emateko. 2023. urtean hasi nintzen gehiago sakontzen eta disko honen plangintzarekin hasi nintzen. Horrekin lan gehiago izan dut, pentsatu zein momentutan atera abestiak eta abar. Aurreko urtetik egun arte plangintza gehiago izan duen prozesu bat izan da.
Nolakoa izan da diskoaren prozesua?
Nafarroako Music Commission edo Nafarroako Musika Batzordearen barruan nago eta bertako Fernando Garayoarekin elkartu nintzen eta berak lagundu zidan prozesua nola antolatu eta abar. Hasieran zerbait ematen zidan, ez zen beldurra, baina ez nekien gaztelaniazko abesti bat kaleratu edo euskarazkoa. Nik gehienetan euskaraz egiten dut, baina diskoan bi abesti gaztelaniaz daude. Nire inguruan euskaraz egiten da, baina gaztelaniaz ere, eta nire gurasoek adibidez gaztelaniaz egiten dute. Orduan, abestiren bat gaztelaniaz sortu behar nuela pentsatzen nuen. 2022tik atera nuen azken abestitik aurtengo lehenengora ez nekien gaztelaniazko saltoa egin edo euskarazko bat publikatu. Buruhauste pixka bat izan zen. Azkenean, erabaki nuen diskoa zerbait berria zela eta gaztelaniazko abestiarekin hastea erabaki nuen hori ere egiten dudala erakusteko. Argi nuen gutxienez beste hilabete bat utzi behar nuela beste abesti bat ateratzeko eta bitartean hurrengo abestiak grabatzen joan naiz eta gutxinaka ateratzen joan dira. Abesti bat berezia izan da, Guztia soberan, pilotariekin bideoklip bat egin nuelako. Azkeneko kanta ere kontzertuetan jo izan dut, baina berria izan da.
Amari eskaini diozu gaztelaniazko lehenengo abestia, ezta?
La Oreja de Van Gogh taldearen aspaldiko kantetan inspiratu naiz Cuestión de suerte abestirako, amari pila bat gustatzen zaiolako LOVG. Amaren abestia da. Kotxean beti entzuten genuen LOVGen diska bat, abestiak buruz dakizkigu.
Eta nola sortu zen pilotariekin bideoklipa egiteko ideia?
Abesti hori orain dela urte eta erdi gutxi gorabehera sortu nuen. Telebistan pilota ikusten ari nintzen, ez zegoen anaia (Julen Martija) jokatzen ez ezer, eta pilotari bat lesionatu zen. Orduan, Aitor Elordi, aurkaria, triste agertu zen irabazi zuelako baina aldi berean lagunak mina hartu zuelako. Inspiratu ninduen eta momentuan abestia atera zen. Diskoa hau atera behar nuenean banekien abesti hau joango zela, eta Juleni esan nion: Zergatik ez dugu bideoklip bat grabatzen eta lagun pilotariei parte hartzeko esaten diezu?
"Pilotariekin eta Nafarroa Arenan bideoklipa grabatze bai izan dela ametsa"
Nik haiekin hitz egin nuen ere, azkenean ezagunak direlako; kasualitatez Aitor ez nuen ezagutzen eta bera agertzea nahi nuen, baina baietz esan zidaten; Julen Martija, Unai Laso, Jose Javier Zabaleta eta Aitor Elordi agertzen dira. Fernando Garaioak esan zidan Arenan grabatu ahal genuela eta horrela sortu zen. Hori bai zan zela ametsa. Hasieratik egiteko prest agertu ziren eta egia da grabazioa luzatu zela, baina hortxe ibili ginen. Emaitza oso polita izan da.
Gorka Urbizuren Zentraleko kontzertuaren aurretik jo zenuen. Zer nolako esperientzia izan da?
Ezin sinetsi. Esan zidatenean ea posible nuen Gorka Urbizuren aurretik Zentralen jo, esan nuen: Benetan? Mezua aitari erakutsi nion ea broma zela galdezka. Pasada bat da. Aita Lekunberrikoa da eta azkenean betidanik ezagutzen dut, nork ez du Gorka Urbizu ezagutzen? Oso berezia izan da. Gainera, bitxia da baina nik banituen lagunekin kontzertura joateko sarrerak larunbaterako. Orduan, ostiralean kontzertua eman nuen, eta larunbatean ikus-entzule bezala egon nintzen.
Nola aldatu dira zure zuzenekoak?
Gehienbat aldatu da orain nire errepertorioa nirea dela. Horrek pila bat laguntzen dit; abesten erosoago nago. Hasieran pila bat hitz egiten nuen, eta orain abestiaren aurretik zerbait esaten dut, baina sentitzen dut kontzertuak jarraituagoak bezala direla. Publikoari nirekin abesteko esaten diot ere.