Egunotan Masters CaixaBank torneoko bigarren jardunaldia jokatu da. Uztailaren 25ean, Ermuan, Altuna III.ak eta Iztuetak bigarren garaipena lortu zuten, Zabalari eta Imazi 22-11 irabazita. Egun berean, Elizondon, Lasok eta Tolosak Peña II.a eta Zabaletaren ordez aritu zen Aranguren izan zituzten aurkari. Laso eta Tolosa nahiko erraz gailendu ziren, 22-11.
Uztailaren 26an, Astigarragan, Jakak eta Martijak 22-20 irabazi zieten Artolari eta Rezustari partida berdindu, gogor eta lehiatuan. Martijak ikaragarri jokatu zuen, eta tarte askoan bizkarra erakutsi zion Rezustari.
Azkenik, uztailaren 29an, Larraintzarren, Ezkurdiak eta Albisuk ezin izan zuten Peio Etxeberriaren eta Mariezkurrena II.aren kontra, eta 11-22 galdu zuten. Mariezkurrenaren pilotakadek baldintzatu zuten partida, hein handi batean. Bero izugarria zegoen, eta urdaileko arazoak tarteko, Ezkurdia zorabiatu egin zen eta justu-justu bukatu zuen partida.
Sailkapena
Altuna-Iztueta, Laso-Tolosa eta P. Etxeberria-Mariezkurrena daude sailkapenaren buruan, bina punturekin. Zabala-Imazek eta Jaka-Martijak puntu bana dute, eta Artola-Rezustak, Peña-Zabaletak eta Ezkurdia-Albisuk ixten dute sailkapena, punturik gabe.
Hirugarren jardunaldia, ate joka
Hirugarren jardunaldia hastear dago. Uztailaren 31n, Biarritzen, Jaka-Martijak Peña-Zabaleta izango dituzte aurkari. Abuztuaren 2an, Berueten, Ezkurdia-Albisuk eta Zabala-Imazek jokatuko dute, eta abuztuaren 3an, Ezcarayn, Artola-Rezustak eta Laso-Tolosak. Azkenik, abuztuaren 4an, Berak Altuna-Iztuetaren eta Etxeberria-Mariezkurrenaren arteko lehia hartuko du.