Pilota

Jaka eta Martija, gorako postuei begira

Guaixe 2024ko abu. 1a, 09:12

Martija eta Jaka, garaipena ospatzen. EITB

CaixaBank Masterseko hirugarren jardunaldian bigarren puntua lortu zuten, Biarritzen Peña eta Zabaleta ordezkatu zuen Bikuña mendean hartuta

Egunotan CaixaBank Masterseko hirugarren jardunaldia jokatuko da. Uztailaren 31n Erik Jakak eta Julen Martijak Ander Peña eta Iñigo Bikuña izan zituzten aurkari Biarritzen jokatutako partidan; azken honek Zabaleta ordezkatu zuen. Biarritzeko frontoi ikusgarrian jende gutxi bildu zen, Olinpiar Jokoek eragina izan omen zuten, eta beroa izan zen protagonista. 

Partida oso gogorra izan zen. Hasieran Peña II.a eta Bikuña aurreratu ziren, 0-5, eta partidaren lehen zatian aldea mantentzea lortu zuten. Gutxika, Jaka eta Martija gerturatzen hasi ziren. Etxeberriko atzelaria ederki aritu zen; Bikuñari neurria hartu zion, 7 tanto sortu zituen eta bi errebote egin zituen. Ikusgarri. Horrela, berdinketak iritsi ziren, bata bestearen atzetik: hamabina, hamalauna, hamaseina eta hamazazpina berdindu zuten. Peña ekidin, eta Bikuña zigortu zuten Jakak eta Martijak. Azkenean, 22-17 gailendu ziren, Masterseko euren bigarren puntua lortuz. 

Sailkapena
Momentu honetan, Altuna-Iztueta, Laso-Tolosa, P. Etxeberria-Mariezkurrena eta Jaka-Martija daude sailkapenaren buruan, bina punturekin. Zabala-Imazek puntu bat dute, eta Artola-Rezustak, Peña-Zabaletak eta Ezkurdia-Albisuk ixten dute sailkapena, punturik gabe. 

Hirugarren jardunaldia
Hirugarren jardunaldiko gainontzeko partidei dagokienez, abuztuaren 2an, Berueten, Ezkurdia-Albisuk Zabala-Imaz izango dituzte aurkari, eta abuztuaren 3an, Ezcarayn, Artola-Rezustak Laso-Tolosa. Azkenik, abuztuaren 4an, Berak Altuna-Iztuetaren eta Etxeberria-Mariezkurrenaren arteko lehia hartuko du.