Pilota

Masterseko Ezkurdiaren eta Zabaletaren arteko lehia, irailaren 4ra atzeratua

Guaixe 2024ko ira. 2a, 10:47

Ezkurdia eta Zabaleta, artxiboko irudian. IÑAKI PORTO

Euri jasa gogorrengatik Orduñako Jai Alai pilotalekuan ura sartu zen, eta bertan behera geratu zen Ezkurdia-Albisu eta Peña II.a-Zabaletaren arteko partida. Irailaren 4an jokatuko da partida erabakigarria, 19:30ean

Egunotan CaixaBank Masterseko seigarren jardunaldia jokatu da. Ezkurdia-Albisuk eta Peña II.a-Zabaleta elkarren kontra lehiatzekoak ziren abuztuaren 31n Orduñan, baina jaialdiko hasierako partida jokatzen ari zela, ekaitza indartsuaren ondorioz ura sartu zen Jai Alai pilotalekuan, eta jaialdia bertan behera utzi behar izan zuten antolatzaileek. Partida irailaren 4an jokatuko da, asteazkenarekin, 19:30etik aurrera, toki berean. 

Masterseko sailkapenari dagokienez, Etxeberria-Mariezkurrena dira garaile (5 puntu), Altuna-Iztuetaren aurretik (4 puntu). Artola-rezustak, Jaka-Martijak, Laso-Tolosak eta Zabala-Imazek hiruna puntu dituzte, eta Peña-Zabaletak eta Ezkurdia-Albisuk puntu bana, baina partida bat gutxiagorekin. Beraz, Orduñan jokatuko duten partida ezinbestekoa da bi bikoendako, puntu horrek, agian, play-offetan sartzeko aukera eman diezaiokeelako biko irabazleari, azkeneko jardunaldian ere emaitza ona lortzen badu. 

Zazpigarren jardunaldia, ate joka
Seigarrena bukatu eta berehala, irailaren 5ean abiatuko da Masterseko zazpigarren eta azken jardunaldia. Jakak eta Martijak Laso eta Tolosa izango dituzte aurkari, Lekeition. Irailaren 6an Ezkurdia eta Albisu Altuna III.aren eta Iztuetaren kontra lehiatuko dira Zestoan, eta irailaren 7an, Artola eta Rezusta Peña II.aren eta Zabaletaren kontra, Lekeition. Azkenik, irailaren 8an Etxeberria eta Mariezkurrena liderrek Zabala eta Imazen kontra jokatuko dute Arrasaten.