Etxarri Aranazko 55 urteko gizonezko bat hil zen larunbat eguerdian. Arbizuko Utzubar industrialdeko enpresa batean jarritako aldamiotik erori zen gizonezkoa, hiru metroko altueratik. SOS Nafarroa 112 larrialdi zerbitzuak 12:49an jaso zuen istripuaren berri, eta Etxarri Aranazko guardiako mediku taldea, oinarrizko bizi euskarria duen anbulantzia bat, bizi euskarri aurreratua duen anbulantzia bat (medikalizatua), helikoptero medikalizatu bat joan ziren ezbeharraren tokira. Iritsi zirenean, larrialdi zerbitzuek bihotz-biriketako bizkortzeko maniobrak egin zituzten, baina ezin izan dute ezer egin bertan hil den gizonaren bizia salbatzeko.
Ezbeharraren tokira Foruzaingoaren Herritarren Segurtasunerako eta Polizia Judizialeko patruilak ere joan ziren. Azken horiek ikertu zuten istripuaren arrazoiak eta dinamika. Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zuten, autopsia egiteko. Haren senideek eta gertukoek gaur despeditu dute hildakoa.
CCOOren oharra
Euskal Herrian aurten dagoeneko 39 langileren heriotza izan dira. Haietako hiru sakandarrenak izan dira. Aurrena, 42 urteko eraikuntzako langile altsasuarra izan zen, Arriben zortzi metrotik erori eta hil zena. Hurrengo hildakoa 32 urteko altsasuarra izan zen, porlandegian hil zena.
Istripuaren berri izanda, CCOOk heriotza gaitzetsi du eta hildako gizonaren familiari, lankideei eta lagunei elkartasuna adierazi eta doluminak eman die. CCOOk nabarmendu duenez, "urteko lehen sei hilabeteetan bakarrik bederatzi istripu hilgarri gertatu dira Nafarroan. Haietatik zortzi lanean zeudela izan dute istripua eta bestea lantokirako bidean". Sindikatuaren iritziz, "horrek agerian uzten du prebentzioa eta lan ezbeharren gaitzari aurre egiteko bitartekoak indartzeko beharra". Izan ere, "laneko ezbeharren gaitzak Nafarroako langileak astintzen jarraitzen du. Istripuen kopurua murriztea eta lana toki seguru eta osasungarri bihurtzea lehen mailako erronka bihurtu da enpresendako, sindikatuendako eta Nafarroako Gobernuarendako".
CCOOk dei egin nahi die patronalei Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea betetzeko arduratsuak izan daitezen. Sindikatuaren iritziz, "istripu guztiak saihestu daitezke, eta, horregatik, legea betetzeaz gain, eskura dauden baliabide guztiak jarri behar dira halakorik gerta ez dadin: sentsibilizazioa, prebentzio-programak eta baliabide ekonomikoak lantokietan osasuna eta segurtasuna indartzeko".