Pilota

Pilotazaleak, Logroñora begira

Guaixe 2024ko ira. 4a, 08:30

San Mateo Feriaren aurkezpena. ASPEPELOTA.EUS

San Mateo Feriak itxiko du udako pilota torneoen denboraldia. Hamar eguneko pilota feria izango da, zortzi bikote lehiatuko dira, eta bertan dena emateko gogotsu daude Ezkurdia, Martija eta Zabaleta

Irailaren 3an aurkeztu zuten San Mateo Pilota Feria. San Fermin Torneoarekin antzekotasun gehiena duen feria da Logroñokoa. Hamar eguneko pilota profesional jarduera jarraitua eskainiko du San Mateok, eta Aspek eta Baikok euren pilotari onenak hautatu dituzte ikusmin handia piztu duen torneorako. San Mateo Feria irailaren 20an hasiko da, eta 29an despedituko da. 

Guztira zortzi bikote lehiatuko dira. Aspek Ezkurdiarekin eta Martijarekin bikotea osatu du, eta Altuna-Tolosa, Dario-Rezusta eta Zabala-Zabaleta dira besteak. A multzoan jokatuko dute. Baikoren bikoteak Laso-Iztueta, Peña-Mariezkurrena, Artola-Salaverri eta Larrazabal-Imaz dira, eta B multzoan jokatuko dute. Adar bakoitzeko bikote onenek jokatuko dute irailaren 29ko final handia.
Zabala errioxarrak Zabaletarekin osatu duen bikoa da Errioxan ikusmin handiena sortu duena, Dario eta Rezustaren artekoa bezala. 

Bestalde, irailaren 28an Urzante olioaren desafioa hartuko du Adarraga pilotalekuak. Oraindik ez dira pilotariak hautatu. Sarrerak salgai daude Entradasfronton webgunean.