Etxarri Aranatz eta Bakaiku artean, trenbidearen kateraniaren gainean zuhaitz adar batzuk erori ziren agorrilaren 30ean. Etxarri Aranazko geltokiko trenbide mantentze enpresako, Adifeko zaintzaileak eman du gertakariaren berri eta, horren ondorioz, ibilbidearen elektrifikazioa eten zuten. Hau da,10:25 aldera trenen zirkulazioa eten zuten. Ondorioz Zaragoza-Iruñea-Gasteiz ibilbidea egiten ari ziren bi tren eta Nafarroako hiriburutik Burgoseraino zihoan beste bat gelditu behar izan zituzten.
Ezbeharraren lekua estaziotik kilometro eskasera dago, basoko Epele dermioaren ondoan. Haraino Foruzaingoaren patruilak eta Altsasuko suhiltzaileak bertaratu ziren trenetik 60 bidaiari ateratzen laguntzeko. Behin kanpoan, trenbidetik bertatik eta baso-bide batetik joan dira ekipajeekin, errepidera iritsi arte, eta hortik Etxarriko geltokira. Han autobus batek jaso zituen, bidaia behar bezala bukatu ahal izateko.
Adifeko langileek adarrak kendu zituzten eta matxura aztertu dute. Matxura arratsalderako konpondu ahal izan zuten. Altsasu eta Uharte Arakil arteko ohiko zirkulazioa (Gasteiz-Iruñea tartea) 18:30ean berrezarri zen.