Pandemiaz geroztik herritarrei Osasunbideak eskaintzen zien zerbitzuan hainbat aldaketa izan dira. Batzuk behartuta, mediku faltagatik, esaterako. Besteak kudeaketa moduak aldatu direlako, adibidez, telemedikuntzarako aurrerapausoa eman delako. Herrietan osasun asistentzia bermatua izateko garai batean aurrez aurreko medikuaren eta erizainaren presentziaren alde egin zen. Horregatik, osasun eskualde buruetan (Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasu) osasun etxeak eraikitzeaz aparte, haien eremuetako herrietan mediku kontsultategiak eraiki ziren, kontzejuetan gehienetan.
Kontsultategi horien mantenua (garbiketa, argindarra...) kostua sortzen zien toki erakundeei eta, ondorioz, Osasunbideak urtero dirulaguntza ematen die kontsultategien jabe ziren toki erakundeei. Horretarako, Osasun Departamentuak kontsulta nolakoa zen eta zein azalera zuen hartzen du kontuan. Aurtengo ebazpenean Sakanako hamaika toki erakunde agertzen dira, duela hiru urte hamabost. Irurtzungo osasun eskualdeko Hiriberri Arakilen, Ihabarren, Irañetan eta Arruazun mediku kontsultategiak itxi dituzte. Beraz, bertako herritarrek Irurtzunera edo Uharte Arakilera jo behar dute osasun arta jasotzeko.
Osasunbideko zuzendari kudeatzaileak 1.021.712,58 euroko gastua baimendu du. Haren bidez Nafarroako herrietako osasun kontsultategien eta kontsultategi lagungarrien 2024ko funtzionamendu gastuak finantzatuko du. Diru horren %4,13 jasoko dute ibarreko hamaika toki erakundek, zehazki, 42.266,20 euro.
Toki erakundeek kontsultategien mantenurako jasotako dirulaguntza
Osasun eskualdea Herria Mota Azalera (m2) Dirulaguntza
Irurtzun Uharte Arakil III-A 162 7.549,20
Etxarri Aranatz Lakuntza II-A 83 3.867,80
Arbizu II 79 3.681,40
Unanu I 42 1.957,20
Dorrao I 48 2.236,80
Lizarraga II 52 2.423,20
Bakaiku II 69 3.215,40
Iturmendi II-A 78 3.634,80
Urdiain II 58 2.702,80
Altsasu Olatzagutia III-A 179 8.341,40
Ziordia II 57 2.656,20