Urrian hasiko da bertso eskolen ikasturte berria

Guaixe 2024ko ira. 9a, 09:58

Altsasuko 2023ko bertso eskolaren ikasturte amaierako jaialdia. ARTXIBOA

Nafarroako Bertsozale Elkarteak haur zein helduendako 32 talde eskainiko ditu, horietako bi Sakanan: Altsasun eta Lakuntzan. Irailaren 2tik 20ra eman daiteke izena 2024-2025 ikasturteko bertso eskoletan.

Ireki da epea Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen bertso eskoletako ikasturte berrian izena emateko. Irailaren 2tik 20ra bitartean izanen da aukera eskoletan matrikulatzeko, elkartearen webgunean. Hainbat herri eta bailaratan antolatu ditu elkarteak haur zein helduendako eskolak, eta 2024-2025 ikasturtean Sakanan bi bertso eskola izanen dira, Lakuntzan eta Altsasun. Urriaren lehenengo astean abiatuko dira eskolak. 

Izena ematea
Bertso eskoletako izena ematea telematikoki egin beharko da, Nafarroako Bertsozale Elkartean dagoen formularioa betez. Gutxienez, lau lagunek eman beharko dute izena taldea osatzeko. Ikasturteko matrikularen ordainketa bi kuotetan eginen da, urrian lehenengoa eta otsailean bigarrena, helbideratze bidez. Prezioari dagokionez, haurren ikasturte osoko matrikula 80 eurokoa da eta helduena 140 euro. 

2024-2025 ikasturtean Nafarroako Bertsozale Elkarteak bi talde antolatu ditu Sakanan: Lakuntzan bata eta Altsasun bestea. Lakuntzako bertso eskolan Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik DBH bigarren mailako gaztetxoendako izanen da. Lakuntzako herri eskolan izanen dira bertso eskolak. Altsasuko bertso eskola AEK Euskaltegian izanen da, eta Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik DBH laugarren maila bitarteko gazteei bideratuta dago. Bi taldeetako irakasleak Joxema Leitza eta Saats Karasatorre bertsolariak izanen dira, eta ordutegia zehazteke dago. Hortaz, irakaslearen eta izena emandako ikasleen artean adostu ahal izanen dituzte bertso eskolen eguna eta ordutegia.

Guztira, Nafarroako Bertsozale Elkarteak 2024-2025 ikasturtean 32 talde antolatu ditu Nafarroako herri eta bailaratan. Sakanatik gertu, esaterako, Lekunberrin, Ultzaman eta Leitzan taldeak izanen dira. Leitzan eta Lekunberrin Xabat Illarregi izanen da irakaslea eta Ultzaman Iker Gorosterrazu.