Hezkuntzako sindikatuek irailaren 26rako greba deitu dute

Guaixe 2024ko ira. 6a, 11:17

Sindikatuetako ordezkariek Hezkuntza Departamentuan greba deialdia erregistratu dute. UTZITAKOA

Nafarroako Gobernuak haien eskaerei jaramon ez egiteagatik deitu dute greba.

Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatu guztiek (STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT) irailaren 26rako, ostegunerako, greba deialdia erregistratu dute Hezkuntza Departamentuan. Erakunde sinatzaileek uste dute, Administrazioaren aurrean sektore publikorako lan hobekuntzak denbora luzez aldarrikatu ondoren, Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak ez dietela jaramonik egin eskaerei. Horien artean daude, besteak beste: ratioak jaistea, erosteko ahalmena berreskuratzea, lan gainkarga murriztea eta irakasleriaren egonkortzea.

Horregatik guztiagatik, irakaskuntza publikoko irakasleak ordezkatzen dituzten sindikatuek adierazi dute “nazkatuta” daudela administrazioaren negoziazio faltarekin. Hezkuntza publikoko sindikatuek uste dute mobilizatzeko unea iritsi dela, eta dei egin diete irakasle guztiei heldu den ostegunean, irailaren 26an, grebarekin bat egin dezaten.