Pilota

Peñak eta Zabaletak Masterseko play-offetako azken tokia lortu dute

Guaixe 2024ko ira. 9a, 11:30

Peña eta Zabaleta pozarren daude, play-offetarako sailkatu direlako. EITB

Altsasuko festetan jokatuko diren play-offetan finalerdietarako txartela dute jokoan, Jakaren eta Martijaren kontra. Sarrerak salgai daude.

Egunotan CaixaBank Masterseko hasierako ligaxkako zazpigarren eta azken jardunaldia jokatu da. 

Ezkurdiak eta Albisuk ez zuten play-offetarako sailkatzeko aukerarik, baina itxura ona emanda despeditu nahi zuten torneoa. Tamalez, Altunak eta Iztuetak euren asmoa zapuztu zuten, 22-13 irabazi baitzieten. 

Jakak eta Martijak ez zuten euren egunik onena izan eta 8-22 galdu zuten Lasoren eta Tolosaren ordez aritu zen Arangurenen kontra.

Peña II.ak eta Zabaletak asko zuten jokoan, play-offetako postuetako bat lortzea, hain zuzen ere. Zabaletaren sanferminetako lesioaren eraginez torneo zaila izan du biko honek, baita Etxarrengo atzelaria osatu bezain pronto eman diote buelta egoerari, eta irailaren 7an, Lekeition, 7 tantotan utzi zituzten Artolaren ordez aritu zen Larrazabal eta Rezusta, eta garrantzitsuago dena, play-offen borrokan sartu ziren. 

Azkenik, Etxeberriak eta Mariezurrenak 22-19 irabazi zieten Zabalari eta Imazi. 

Sailkapena
Gauzak horrela, Lehen bi bikote sailkatuek, Etxeberria-Mariezkurrenak (6 puntu) eta Altuna-Iztuetak (5 puntu) Masterseko finalerdietarako sailkapen zuzena lortu dute. Hirugarren eta seigarren postuetan sailkatu diren bikoteek, Laso-Tolosak (4 puntu), Jaka-Martijak (3 puntu) eta Peña II.a-Zabaletak (3 puntu) eta Zabala-Imazek (3 puntu) play-offak jokatuko dituzte, finalerdietarako bi txartelak lortzeko. Sailkapeneko azkeneko bi postuetan geratu diren Artola-Rezusta (3 puntu) eta Ezkurdia-Albisu (puntu 1) txapelketatik kanpo geratu dira.

Altsasu, erabakigarri
Irailaren hirugarren asteburuan Masterseko play-offak jokatuko dira. Irailaren 13an, Galdakaon, Laso-Tolosak Zabala-Imaz izango dituzte aurkari, eta irailaren 15ean, Altsasun, Jaka-Martija eta Peña II.a-Zabaleta lehiatuko dira nor baino nor. Bi bikote irabazleak finalerdietarako sailkatuko dira. Bi jaialdietako sarrerak salgai daude Entradasfronton webgunean.