Irailaren 7an Sakanako I. Areto Futbol Kopa hartu zuen Altsasuko Zelandi kiroldegiak. Ekimena Arbizu Kirol Taldeak, Altsasu F.S. taldeak eta Aralar Mendik antolatu zuten, Sakanako areto futboleko taldeak elkarrekin harremanetan jarri, areto futbola sustatu eta euren zaletasunarekin gozatuz, egun polita pasatzeko. Irurtzungo Xota falta zen. "Hau lehendabiziko edizioa izan da, lehen hartu emana. Hurrengoetarako eurekin harremanetan jarriko gara" azaldu du Arbizu Kirol Taldeko Endika Mendinueta Iribarrenek.
Uharte Arakilgo Aralar Mendik Nafarroako Futbol Federazioko areto futboleko hirugarren mailan jokatzen du. Aldiz, Arbizu Kirol Taldeak eta Altsasu F.S taldeak aurten federazioko areto futboleko Maila Autonomikoan jokatuko dute.
Sakanako I. Areto Futbol Kopa triangeluarrean jokatu zen. Lehen partidan Arbizuri 1-2 irabazi zion Altsasuk, bigarren partidan Altsasuk 4-1 hartu zuen mendean Aralar Mendi, eta hirugarren partidan Aralar Mendi gailendu zen, 4-2. Golaveragea kontuan hartuta, Altsasu F.S. izan zen kopako txapelduna. "Jendea Zelandira hurbildu zen eta giro polita egon zen; ongi pasatu genuen. Txapelketa polita izan zen. Ekimena aurrera atera ahal izateko zozketak egin genituen. Jendea kontentu zegoen, eta gure kasuan, irabazi genuenez, are gehiago" azaldu du Altsasu F.S. taldeko Goyo Rodriguez Marquez jokalariak.
Altsasu F.S, talde berria
Altsasu F.S. joan zen denboraldian sortu zen, 2023/2024 denboraldian. "Areto futboleko zaleak inplikatu ginen, eta taldea sortu genuen. Altsasura areto futbola ekartzea lortu dugu berriro" azaldu du Rodriguezek, pozez.
Aurreko denboraldian Araban jokatu zuen Altsasu F.S taldeak, Favafutsal edo Areto Futboleko Euskal Elkarteko Arabako Ligan, "Nafarroako Futbol Federazioan federatu eta federazioko areto futbol txapelketan izena emateko epea gaindituta zegoelako. "Horregatik Gasteizen lehiatu ginen. Gustura aritu ginen, eta Arabako Ligako txapelketa irabaztea lortu genuen".
Aurten, aldiz, Nafarroan lehiatuko dira, federazioko areto futboleko Maila Autonomikoan. "Federazioko txapelketa honen maila handiagoa da. Egia esan, liga hasteko irrikaz gaude". Altsasu F.S. taldeak behar duen aurrekontua handituko da. "Zelandi kiroldegia alokatu, arbitrajea, fitxak, bidaiak... dirua da, baina Altsasuko tabernen eta enpresen laguntza ari gara izaten, eta eskertuta gaude".
Gabonetan, 24 orduko torneoa
Altsasu F.S taldeko Goyo Rodriguezek azaldu duenez, abenduaren 28an eta 29an 24 orduko areto futboleko torneoa antolatzeko asmoa dute, taldeak aurrera egiteko dirua lortu eta areto futbola sustatzeko.
Areto futbol liga, hastear
Nafarroako areto futbol ligak irailaren 21eko asteburuan hasiko dira. Hirugarren mailan, Aralar Mendik Burlata izango du aurkari. Lehen Maila Autonomikoan, Gazte Berriaken kontra ariko da Arbizu, eta Altsasuk Subiza hartuko du.