Futbola

Futbol denboraldia derbi sakandarrarekin hasiko da

Maider Betelu Ganboa 2024ko ira. 13a, 12:00

Lagun Artearen eta Etxarri Aranatzen derbia, 2023/2024 denboraldian.

Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek Lakuntzako Zelai Berrin jokatuko duten partidarekin mustuko da gizonezkoen Erregional mailako 2024/2025 denboraldia. Altsasuk kategoria berean jokatuko du eta Arga Ibaiaren kontra lehiatuko da, Sanduzelain. Emakumezkoen Preferente Mailan Altsasuk Berriozar hartuko du

Sakanako futbol taldeak 2024/2025 denboraldia hasteko prest eta irrikaz daude. Gehienak abuztu erdialdetik aurrera hasi ziren entrenatzen, lehiaketarako prest egoteko. Egunotan ere lagun arteko makina bat partida jokatu dituzte, sasoian egoteko.

Emakumezkoen Preferente Mailan jokatuko du Altsasuko emakumezkoen talde nagusiak. Kategoria honek multzo bakarra du, eta Gazte Berriak, Idoia, Peña Sport, Burlades, Berriozar, Valle de Egües, Castejon, Gares, Cantolagua eta Universidad de Navarra taldeak izango ditu aurkari. 22 jardunaldi dituzte aurretik, eta lehen jardunaldia etxean hasiko du Altsasuk, irailaren 14an, larunbatean, 17:30ean, Berriozar taldea hartuko baitu.

Bestalde, emakumezkoen kadeteen eta infantilen mailan lehiatuko den Altsasuk urriaren lehen asteburuan ekingo dio ligari. Huarte izango du lehen aurkaria. 

Hirurak Erregionalean
Gizonezkoen Sakanako hiru taldeek gizonezkoen Erregional mailako laugarren multzoan jokatuko dute aurten. Altsasu Preferente mailatik Erregional mailara jaitsi zen. Lagun Artea gutxigatik ez zen Erregional mailako igoera fasera sailkatu, eta Etxarri Aranatz sailkatu zen, baina igoera fasean, Etxarriko jokalari batek salatutako irain arrazistengatik Etxarrik partida ez jokatzea erabaki zuen, eta fasetik kanpo geratu zen, Nafarroako Futbol Federazioak hartutako erabaki polemikoan. Hortaz, gure taldeak kategoria berberean lehiatuko dira: Erregional mailako laugarren multzoan.

Etxarri Aranatzek, Lagun Arteak eta Altsasuk Amaia, San Jorge, Rotxapea B, Berriozar, Lagunak B, Asdefor, Beti Onak B, Mendillorri, Beti Kozkor B, Alde Zaharreko Kluba, Kirol Sport, Baztan, Arga Ibaia, Aurrera eta Universidad de Navarra B taldeak izango dituzte aurkari 2024/2025 ligan. 34 jardunaldi dituzte aurretik.

Derbiarekin hasiko da liga. Lehen jardunaldian, Lagun Arteak Etxarri Aranatz taldea hartuko du Zelai Berrin irailaren 14an, larunbatean, 12:00etan hasiko den partidan. Altsasuk, aldiz, Sanduzelain jokatuko du Arga Ibaiaren kontra, irailaren 15ean, igandea, 18:00etan.

Jubenilak, kadeteak eta infantilak
Jubenilen Liga Nazionalean jokatzen zuen Altsasu taldeak maila galdu zuen aurreko denboraldian eta aurten jubenilen lehen mailan jokatuko du. Lehen mailako liga asteburu honetan hasiko da. Irailaren 14an, larunbata, Berriozar izango du aurkari Altsasuk 12:00etan Berriozarren hasiko den partidan. Aldiz, bigarren mailan jokatzen duten Lagun Arteak, Etxarrik eta Altsasuk irailaren 21ean hasiko dute jarduna. Lagun Arteak eta Etxarrik derbia izango dute Lakuntzan, Itxesalden, eta Altsasuk Berriozar B taldea hartuko du, Dantzalekun.

Kadeteei dagokienez, lehen mailako kadeteak ere martxan daude. Irailaren 14an, larunbata, Altsasuk San Jorge hartuko du 15:30ean Dantzalekun. Bigarren mailako kadeteetan lehiatuko diren Lagun Artea eta Altsasu astebete beranduago hasiko dira lanean, irailaren 21ean. Berriozarren kontra jokatuko du Lagun Arteak eta Rotxapearen kontra Altsasuk.

Infantilen mailan, Altsasuko talde batek Infantilen Lehen Nafarroa mailan jokatuko du, eta irailaren 21ean hasiko dira lehian, Azkoienen kontra. Asteburu bat beranduago hasiko dira infantilen lehen eta bigarren mailako ligak. Altsasu, Etxarri Aranatz eta Lagun Artea klubetako hainbat taldeek hartuko dute parte.