Zuhatzun eta Ihabarren aurri egoeran eta arriskua sor zezaketen bi etxe hustu ondoren, Ekaiko Ganadero etxea hustutzeko lanak despeditzear daudela jakinarazi du Oihana Olaberria Jaka alkateak. Hiru etxeak botatzeko 150.000 euro ordaindu behar izan ditu Arakilgo Udalak. Alkateak azaldu duenez, “bat oinordekoek oraindik onartu ez duten herentzia bat da, beste etxe bat ondoa jo zuen enpresa batena. Diru hori berreskuratzeko esperantza gutxi dugu. Eta haien jabetza lortzeko prozedura nahaste-borraste handi bat da”. Olaberriak Etxarrengo etxe baten adibidea jarri du: “duela ia hamar urte erori zen, eta orain enkantean saltzeko aukera dugu. Horregatik pentsatu nahi dut orain bota ditugun hiru etxe horiek bide bera eginen dutela. Baina bide luzea da eta hamar bat urtetara udalean dagoenak zerbait berreskuratzeko aukera izan dezake. Baina epe motzean, zuloa, besterik ez”.
Bestalde, Ihabarko Eskribarena etxean etxebizitzak eraikitzeko proiektuari dagokionez, Arakilgo Udala Kultura Zuzendaritza Nagusia, Vianako Printzea erakundea, txosten bat egin zain dago. Oniritzia jasotakoan lanak hasiko liratekeela jakinarazi du alkateak.