Leze bat indusketa zain

Guaixe 2024ko ira. 19a, 09:00

Artzunbidelezeko areto handian espeleologoak. OTXOLA

Lizarragako tunelaren ondoan dagoen leze batean 1936ko estatu kolpean hildako bi pertsonen gorpuak egon daitezke. Memoria taldeek Nafarroako Gobernuari indusketa egiteko eskatu diote. Otsaportillon bezala, han ere, propio kaskailu tonak bota zituzten.

Estatu kolpearen ondoren, Nafarroan errepresio aldia izan zen 1936an. Makina bat herritar erail zituzten. Lizarragabengoako artzain batek fusilatutako bi pertsonen gorpuak leze batera nola botatzen zituen ikusi zuen. Lizarragako portuko tunelaren gainean dagoen Artzunbide lezera bota zituzten. Urteak pasata, gertaera horren berri jaso zuen Etxarriko memoria taldeak.

Etxarriarrak Otxola espeleologia taldearekin harremanetan jarri ziren, haiek lezera jaitsi eta jasotako informazioa zuzena zen jakiteko. Espeleologoek lezeari buruzko informazioa bilatzeari ekin zioten. Jakin zutenez, Vianako Printzea erakundeak lezea 1954an esploratu zuen, baina hari buruzko inolako dokumentaziorik ez zuten opatu. Gaur egun lezearen gainean harrizko piramide formako egitura bat dago, eta goiko aldetik giltzarrapo batez itxitako burdinazko ate batetik sar daiteke bertara. Egitura hori 1991 eta 1996 urteen artean eraikia izan zela jakin zuten. Opatu zuten azken informazioaren arabera Satorrak espeleologia taldekoak 1999an sartu ziren. 

Barrura 
Otxola espeleologia taldeko kideak lezean aurrenekoz 2020ko abenduaren 29an sartu ziren. 61 metro jaitsi ondoren propio botatako kaskailu tona pila batez eta hondakinez betetako areto handi bat ikusi zuten. Zabor meta hura 30 metrora eta 81 metroko sakoneran dagoen lezearen hondoraino iristen da. Ikuskizunarekin atsekabetuta gelditu ziren Otxolako espeleologoak. 

Aitzurrak eraman zituzten, kaskailua jaso eta giza hezurren bat opatzeko asmoz. Horien ordez 60ko hamarkadako bizikleta matrikulak, antzinako autoren baten matrikulak Ergoyenako inskripzioekin, Lizarragako bide zaindariaren plaka bat, fusil balaren bat, animalien hezur pila bat eta beste opatu zituzten. Gelaren beheko partean oso hondatuta zegoen pistola zahar bat opatu zuten. 

Ikusitakoaren txostena idatzi eta Vianako Printzea erakundeari, Aranzadi zientzia elkarteari eta Foruzaingoari eman zieten. Aranzadik irakurritakoarekiko interesa azaldu zuen eta bigarren jaitsiera prestatzen hasi ziren. 

Berriro barrura
Artzunbide lezera bigarrenez Otxolako zortzi espeleologo 2021eko apirilaren 10ean sartu ziren. Haiekin batera Aranzadiko zazpi kide joan ziren. Haietako bi sartu ziren lezera. Pistolaz arduratzeko sei foruzain izan ziren, eta Kriminologia Graduko bi ikasle ere. Guztira dozena bat izan ziren lezearen barruan. 

Aranzadiko kideek gidatuta hainbat tokitan indusketa txikiak egin zituzten. Aldi berean, foruzainek pistola eta opatutako munizioaren eta bala zorro baten ardura hartu zuten. Otxolako bi kidek lezearen topografia egiteko baliatu zuten aukera, eta hartan markatu zuten lagin zuloak non egin zituzten arkeologoek eta pistola non agertu zen. Opatutako hezurrak gora bidali zituzten, han Aranzadikoek zer motakoak ziren azter zitzaten. Denak etxeko animalienak ziren. Zortzi orduko jardunaren ondoren zapore gazi-gozoarekin atera ziren lezetik. 

Eskaera 
Ibarreko memoria taldeek Nafarroako Gobernuari eskatu diote Artzunbide lezea behar bezala induskatzeko. Etxarriko memoria taldetik nabarmendu dutenez, “kaskailua propio bota bazuten, esan nahi du azpian eraildakoen gorpuak daudela. Hainbat tokitan hori egin zuten eta azpian beti hezurdurak agertzen dira”.