Plazaola bide berdea irisgarria izanen da

Guaixe 2024ko ira. 18a, 11:52

Plazaolako bide berdean paseatzen. ARTXIBOA

Horretarako dozena bat kilometrotan lanak eginen dituzte. Ibilbideko lau zatitan eginen dira lanak, tartean Sakanako zatia dago. 

Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuak Plazaola bide berdeko hamabi kilometrotan lanak eginen ditu. Lan horiek ezgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna hobetzeko helburuz eginen ditu. Egin beharreko lanen erredakzioa egiterakoan kontuan izan zituzten ezgaitasunak izan ziren: fisikoa, ikusmena, entzumena eta intelektuala. Gainera, aukeratutako hamabi kilometrotatik 5,4 km mugikortasun mugatua duten pertsonendako egokituta egon behar dute. Kilometro horiek irisgarria bihurtzeak bide berdearen trazatuaren kalitatea handitzea dakar. 

Dozena bat kilometro horiek lau zatitan daude banatuta eta haietako bat Aizkorbe eta Irurtzun artekoa da. Bidearen zati horretan hainbat lan eginen dituzte. Batetik, Aizkorberako bidean hondatuta dauden porlan zatiak konponduko dituzte. Horrekin batera, bidea errepide ondora hurbiltzen denetik Irurtzunerako norabidean, tren geltokia zegoen zabalguneraino, tarteka zoruan konponketak egin eta harri handiren bat kendu eta bide bazterrak landarez garbituko dituzte. Autokarabanen ondoko berdegunean egokitutako aulkia eta mahai moduko seinale bat jarriko dituzte. Gainera, handik bide berdera ateratzeko "zubian" barandilla jarriko dira. Tunelerako bidean bada bidean puntu bat zeinetan eroritako hostoak eta adar zatiek irristakor bihurtzen duten. Zati hori garbitu eginen dute. Horrekin batera, seinaleak eta km punturen bat egokitu dute. Azkenik, Irurtzungo tren geltokia zegoen tokian mugikortasun murriztuko pertsonendako aparkaleku plaza sortu eta markatuko dute. 

Plazaolako bide berdearen gaineko Irurtzungo zubian izanen du abiapuntua bide irisgarria. , Iparralderantz, Latasarantz eginez gero, tunelean bukatuko da bide irisgarriak. Eta hegoalderantz, Aizkorberantz joz gero, herrira iritsi aurretik dagoen aldapan despedituko da.  

Lanek 369.966,35 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Sakanan egitekoak diren lanek 20.987,34 euroko balioa dute, eginen den inbertsioaren %5,67. Europar Batasunaren Next Generation  funtsaren Berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia planaren bidez finantzatuko du departamentuak. Lanak emateko deialdia orain egin du gobernuak eta kontratua hartzen duen enpresak haiek despeditzeko bost hilabete izanen ditu.