Duela hamabi urte sortu zen Bardoak Nafarroako taldekako bertso txapelketa, herrialdeko Bertso Eskolen sarea indartzeko asmoz. Ordutik, bi urtean behin antolatzen du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, auzolana eta talde lana oinarrian jarriz. Bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera ematen du txapelketak, "bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune eta plaza berriak barneratuz eta molde parte hartzaileak praktikan jarriz". Aurten taldekako txapelketaren zazpigarren edizioa izanen da, eta talde parte hartzaileen herrietan ez ezik, sei herritan izanen dira saioak: Etxauri, Irunberri, Iruñea, Irurtzun, Tafalla eta Tutera. Txapelketako finalaurrekoak bertan izanen dira, hain zuzen ere.
Irailaren 13an hasi zen txapelketa eta urriaren 26an izanen da final handia. Guztira, hogei saio izanen dira, Nafarroako hemezortzi udalerritan, tartean Olatzagutia eta Irurtzungo finalaurrekoa. Hamahiru taldek parte hartuko dute: Drimtin, Assurancetourix eta Manteleko Sobrak A multzoan; Errimaren Matxinatuak, Baztanzopak eta Hor gu! B multzoan; Pikutara Goaz, Argako Bixiguak eta Malerreka ez da Baztan C multzoan, eta Joiak, EzKrashak, Pirini Bardo eta Mutilatuak D multzoan.
Sakanako hainbat bertsolarik parte hartuko dute 2024ko Bardoak txapelketan. Manteleko Sobrak taldean Ekain eta Hodei Alegre altsasuarrek parte hartuko dute, Leitzako Beñat Astiz, Eki Mateorena eta Barañaingo Kattalin Lizarragarekin batera. Pikutara Goaz taldea Irurtzun "eta periferiako" bertsolariek osatzen dute, besteak beste, Joana Ziganda, Zigor Gartzia Zian eta Juan Felipe Lizarraga Iperekin, eta Joiak taldea sakandarrez osatuta dago: Idoia Granizo, Jone Rubio, Aitziber Leoz, Oier Lakuntza, Iratxe Legarra eta Olatz Bados. Guztira, 91 parte hartzaile izanen dira txapelketan, bertsolari, gai jartzaile, antolatzaile eta abar kontuan hartuta.
Txapelketaren lehen fasea, hamahiru saiokoa, gaur hasi eta hilaren 28ra bitarte jokatuko da. Finalaurrekoak urriaren 4tik 13ra jokatuko dira: joanetorriko hiru kanporaketa izanen dira. Sei saio guztira. Kanporaketa horietako bakoitzean irabazle suertatzen den taldea pasako da finalera. Guztira, hiru talde. Finala urriaren 26an izanen da, Garesko frontoian, eta ondoren afaria izanen da.
Lehenengo asteburuan, irailaren 13an, Sunbillako Ulibeltza Elkartean irurtzundarrez osatutako Pikutara Goaz taldea ariko da Malerreka ez da Baztan taldearen aurka. Irailaren 14n, Lizarrako La Bota Peñan, Manteleko Sobrak altsasuarrekin Assurancetourix taldearen aurka ariko da. Bigarren asteburuan, irailak 20, ostirala, Joiak sakandarrak etxean ariko dira Olaztiko gaztetxean, 19:00etan, EzKrashak taldearen aurka.