Azoka bizia

Guaixe 2024ko ira. 16a, 10:33

Irurtzungo eta Arakilgo bertako ganadu azokak bere hamaikagarren edizioa izan zuen. Azoka egunerako eta aurreko egunetarako programa zabala prestatu zuten. 

Bertako animalia arrazak ezagutzeaz aparte, tokiko laborarien kalitatezko eta ekoizpen agroekologikoko produktuak dastatzeko aukera izan zen. Arbaso elkarteko artisauen postuak ere egon ziren. Artzain gazta dastaketa eta txapelketa herrikoira hamaika gaztandegi aurkeztu ziren. 114 herritarrek parte hartu zuten dastatzean eta lehen saria Dorraoko Utxama gaztandegiak eskuratu zuen. Bigarrena Arruazuko Albi izan zen eta podiuma Egozkueko Loperena gaztandegiak osatu zuen. 

Azokaz aparte, herri bazkaria, erakusketa eta ikuskizunekin gozatzeko aukera izan zen. Esaterako, Vanesa Ugartek zaldi heziketa naturalaren erakustaldia egin zuen. Arratsaldeko Irurtzun eta Arakilgo taldeen arteko herri kirol desafia izan zen. Sokatiran, koxkol biltzean eta txingak eramaten neurtu ziren bi udalerriak eta, azkenik, garaipena arakildarrendako izan zen. Bertaratutakoek emakumezkoen harri jasotze erakustaldia ikusteko aukera izan zuten ere.