Altsasun jokatutako CaixaBank Masterseko bigarren play-offa oso lehiatua izan zen. Peña II.a-Zabaletak, batetik, eta Jaka-Martijak, bestetik, Nafarroa Arenako finalerdietan egoteko gogoa erakutsi zuten. Partida bukaerara arte oso paretsu egon zen lehia, tanto ikusgarriak jokatuta, Burunda pilotalekuan bildu ziren 450 zaleen gozamenerako.
Martijak izan ezik, etxeberriarrak ez baitzuen pilota bat ere galdu, gainontzekoek hutsak egin zituzten, partidaren norabidea baldintzatu zutenak: zortzi pilota galdu zituen Jakak, bost Zabaletak eta lau Peñak. Bestela, azken txanpara berdinketak bata bestearen atzetik etorri ziren. Tantoak oso luzeak izan ziren: lau pilotariek ez zuten pilota bat ere galdutzat eman. Hortaz, ikuskizun ederra eskaini zuten.
Azken berdinketa hamalaukoa izan zen. Hor, gutxika, aldea ateratzen hasi ziren Jon Ander Peña eta Jose Javier Zabaleta, Etxarrengo atzelariak gidatutako erasoan. Jakak behar baino arrisku gehiago hartu zituen. Tarteka azeleratuta ibili zen, tantoa behar baino azkarrago egin nahian, eta, agian, behar ez zituen pilotetan sartzen. Jaka ez zen eroso ibili bigarren txanpan; bere buruarekin haserre zegoen. Martijak ongi erantzun zion Zabaletari, ez zuen pilotarik galdu eta sendo ibili zen, baina azken tartean Peña II.ak eta Zabaletak bikote osoagoa osatu zuten, eta 15-19 aurreratuta, partida bideratu, eta, azkenean, 17-22 irabazi zuten, Zabaletaren eskuinkada ikusgarri bati esker.
Finalerdiak
Urriaren 4an Nafarroa Arenan jokatuko diren Masterseko finalerdietan Peio Etxeberria eta Mariezkurrena izango dituzte arerio. Beste finalerdia Altuna III.a-Iztuetak eta Zabala-Imazek jokatuko dute, egun berean. Final handia urriaren 6an erabakiko da, Nafarroa Arenan. Aurretik udako azken torneoa jokatuko da, Logroñoko San Mateo torneoa, irailaren 20tik 29ra.