Futbola

Puntu banaketarekin despeditu zen Lakuntzako derbia

Guaixe 2024ko ira. 17a, 11:15

Zelai Berriko derbia estua izan zen, lehiakorra.

Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek berdindu zuten eta Altsasuk guztiz mendean hartu zuen Arga Ibaia, lider kokatuz

Erregional mailako laugarren multzoan lehiatuko dira, aurten, Altsasu, Etxarri Aranatz eta Lagun Artea taldeak. Hain zuzen ere, azken bi talde hauen arteko derbia hartu zuen Lakuntzako Zelai Berri futbol zelaiak irailaren 14an. 

Lagun Artearen eta Etxarri Aranatzen arteko partida oso borrokatua izan zen hasieratik. Tentsioa antzematen zen. Gaizka Sagarzazuk Lagun Artea aurreratu zuen 15. minutuan. Atsedenaldia baino lehen, penalti bat huts egin zuen Etxarri Aranatzek, eta hurrengo jokaldiak lakuntzarren bigarren gola sartu zuen Sael Ozoriak. Minutu batean, berdintzeko aukeratik 2-0 galtzera pasa zen Etxarri. Bigarren zatian, baina, Etxarri Aranatzek Lagun Artea ederki estutu zuen. Mattin Altzelaik 2-1 gerturatu zuen Etxarri, eta handik gutxira binakako berdinketa ezarri zuen Jon Erdoziak. Erasoek jarraitu zuten, baina binako berdinketarekin eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. 

Altsasuk Sanduzelain jokatu zuen, Arga Ibaia taldearen kontra, irailaren 15ean. Altsasuko festak norainoko eragina izango zuten, hori zen zaletu askoren kezka, baina inondik inora. Edo, bestela, parrandak hegalak eman zizkien altsasuarrei, Iruñerriko taldea 1-7 hartu baitzuten mendean. Julen Flores, Jon Lopez de Goikoetxea, Unai Calvo (3), Unai Rodriguez eta Joaquin Angel izan ziren golegileak. 

Datorrena
Gol festa horri esker Altsasu da Erregional mailako laugarren multzoko denboraldiko lehen liderra (3 puntu). Etxarri Aranatz bederatzigarrena da eta Lagun Artea hamargarrena, biak puntu banarekin.

Altsasu liderrak puntu berberekin bigarren eta arerio zuzena duen Kirol Sport taldea hartuko du irailaren 21ean, 16:00etan, Dantzalekun. Bestalde, Etxarri Aranatzek sailkapenean hirugarren den Beti Onak B taldea hartuko du irailaren 21ean, larunbata, 17:00etan San Donato zelaian, eta Lagun Arteak sailkapenean seigarren den Alde Zaharreko Kluba taldea izango du aurkari irailaren 22an Amaya futbol zelaian.