Sakanako Mankomunitateko lehen kirol teknikaria zu zeu izan al zinen?
Ni baino lehen Maria Markotegi egon zen denbora batean, baina Nafarroako Gobernuko langileekin plaza finkatu egin zuten, eta orduan ni sartu nintzen, 1990. urtean, plazarekin. Kontuan izan behar da hasierako urte haietan Sakanako Mankomunitatea martxan jartzen ari zela, hastapenetan. Hasieran zerbitzu gutxi zeuden, baina gutxika euskara zerbitzua, etxeen zaharberritze zerbitzua eta kirol zerbitzua martxan jarri ziren, azken hau, esan bezala, Nafarroako Gobernuak zuen plan baten barruan sortutakoa. Beraz, hasierako urte haietan gauza gutxi zeuden kirol arloan. Dena sortzen ari zen.
Nola sortu zen Sakanako Bizikleta Eguna?
Garai haietan eskualdeko sentimendua ez zegoen oso zabalduta. Altsasuko jende askok ez zituen Arakilgo herri txikiak ezagutzen, eta Irurtzungo jendearendako oso urruti geratzen ziren Altsasu, Olazti eta Ziordia. Eskualdeko sentimendua sortzearen eta lantzearen aldeko egitekoen artean sortu zen Sakanako Bizikleta Eguna.
Sakanako txirrindularitza klub eta taldeetara joko zenuen laguntza eske.
Bai, zalantzarik gabe. Orduan bi txirrindularitza talde indartsu zeuden Sakanan: Burunda eta Aralar, eta txirrindulari asko trebatzen ziren bertan. Garai haietako nobedadea BTT edo mountain bike bizikletak izan ziren. Aurretik soilik errepideko edo paseoko bizikletak zeuden, baina orduan merkaturatu ziren lehen mendi bizikletak, arrakasta handia izan zutenak. Mikel Nazabalek Urbasa-Andian mendi bizikletan egiteko 30 ibilbide inguru bildu zituen, Sua argitaletxeak argitaratu zuena. Mendi bizikleten arrakastaren ondorioz, Burunda klubak bere barruan BTT sekzioa sortu zuen, eta Pablo Lopez Colina zen arduraduna. Aralar eta Burunda taldeekin, eta Mikel Nazabal eta Pablo Lopez Colinarekin elkarlanean martxan jarri genuen Sakanako Bizikleta Eguna. Uste dut nik izan nuela hasierako ideia, baina aipatukoekin hasieratik partekatutako ideia izan zen, guztion aldetik jarrera oso ona izan zen, eta erraza izan zen eguna martxan jartzea.
Nolakoa izan zen lehendabiziko edizioa?
Gogoan dut jende askok parte hartu zuela Sakanako Bizikleta Egunean. 300-400 pertsona, ez dakit zenbat animatu ziren. Hasieratik arrakasta handia izan zuen. Azpiegitura prestatu behar izan genuen, autobusak eta bizikletak eramateko kamioia behar zirela ikusi genuelako. Hasieran Unamunoren kamioia hasi ginen erabiltzen, gogoan dut. Hasieratik ongi funtzionatu zuen ekimenak; uste dut Sakanako Bizikleta Egunaren historian egon den arazo bakarrenetakoa eguraldia izan dela. Eguraldi ona egiten bazuen, egunak arrakasta handia zuen, eta euria eta hotza egiten bazuen, pixka bat gutxiago. Esango nuke ordutik hona Sakanako Bizikleta Egunaren giroa mantentzen dela. Bestalde, askorendako, oraindik ere, erronka izaten jarraitzen du; 10-12 urteko neska-mutilendako bereziki, Sakanako Bizikleta Eguna osatzea eta eskualdea zeharkatzea erronka handia da.
Halako arrakasta izatearen arrazoiak zeintzuk izan ziren? Mezua ongi gizarteratzen asmatu zenuten? Txirrindularitza klubek eragina izan zuten? Zerk funtzionatu zuen horren ongi?
Gauza askok. Esaterako, garai hartan Sakanako Autobia egin zen, eta bigarren mailako errepidea edo “secundaria” deritzoguna libre gelditu zen. Beraz, errepidea oso aproposa zen bizikletan ibiltzeko, eta hori oso garrantzitsua izan zen. Bestalde, hasieratik ikastetxeetara jo genuen. Orduko partaide gehienak ikasleak ziren, eta euren gurasoak ere etortzen ziren. Bestalde, Sakanan bizikletaren inguruan mugitu den jende asko egon da beti, txirrindulazalea dena. Eta Burunda klubeko BTT sekzioaren lana azpimarratuko nuke, gerora Barranka Txirrindularitza Taldea bihurtu zenarena. Haiek arduratzen ziren Sakanako Bizikleta Egunaren kontrolaz, errepideetako bidegurutzeak ixteaz, erritmoa ezartzeaz... Garai haietan ere Altsasuko BTT Zeharkaldia antolatzen hasi ziren, aurten 27. edizioa bete duen proba ez lehiakorra. Sakana beti izan da txirrindulazalea, eta txirrindulari profesionalak ere dezente izan dira azken urteetan, Aralar eta Burundako txirrindulariekin eta afizionatuekin batera. Sakanak historikoki bi kirol oso indartsu izan ditu: txirrindularitza eta pilota. Egun, agian futbolak gainditu ditu, baina historikoki indartsuak izan dira.
Sakanako Bizikleta Eguneko zenbat ediziotan parte hartu duzu?
Askotan. Aurten 30. edizio badira, horietatik 20 ingurutan. Ahal badut, beti parte hartzen dut. Egun polita da. Udazkenaren atarian gaude, naturak kolore berriak hartzen ditu... goiz polita igarotzeko primerakoa da.