Altsasu Memoriak eta Olatzagutiko memoria taldeak Iruñeko Erorien Monumentua eraistea eskatzen duen manifestua sinatu dute. Hura sinatu dute 42 elkarteek Iruñeko Udalari, Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari eskaera egin diete: Nafarroak Gurutzadan eroritako bere hilei, Erorien Monumentua, eraikuntza hori kentzeko beharrezkoak diren jarduerak berehala hastea. Izan ere, manifestua sinatu duten memoriaren aldeko elkarteetako kideen iritziz, "egitura hori erabat eraistea da gure familien memoria, eta egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioak, ez errepikatzeko bermeak barne, errespetatzea lortzen duen irtenbide bakarra”. Sinatzaileen iritziz, "Iruñeko Erorien Monumentua memoria demokratikoaren kontrako elementu ageria da, erakundeei eskatzen diegu hura eraistea benetako alternatiba bat izatea, gaur egun galarazten duen lege-blindajea ken dezaten".
Bestetik, manifestua sinatu dutenek ziurtatu dutenez, "monumentuari beste esanahi bat emateko edozein saiakera bateraezina da eraikinaren esentziarekin berarekin, faxismoaren gorespen material eta sinbolikoa baita. Erorien Monumentua deiturikoa jasandako errepresioaren gogorapenaren etengabeko ukapena da, Nafarroako izate sozial, kolektibo eta demokratikoaren guztiz kontrakoa irudikatzen du". Gaineratu dutenez, "baztertu egiten dugu monumentu hori memoria-leku edo memoria espazio deklaratzea, batere ados ez gauden haren gaineko kontzeptu batetik abiatzen delako eta haren izaeragatik kontraesankorra delako".
Eraikinaz
Manifestuaren sustatzaileen iritziz, "monumentua faxismoak diseinatu eta eraiki zuen hilobi-panteoi erraldoi gisa, 1936ko garilaren 18ko estatu-kolpe militar ankerraren bi buruzagi eta zuzendari nagusiak ohoratzeko, zeinaren bidez gure lurraldeko sektore soziopolitiko garrantzitsu baten sarraski masiboko gerra hasi baitzen". Bestetik, "borrokalari kolpistak behin betiko gogoraraztea ere izan zen hura eraikitzeko arrazoietako bat". Memoriaren aldeko elkarteek nabarmendu dutenez, "Nafarroan ez zen gerra fronterik izan, eta, hala ere, milaka herrikide hil zituzten odol hotzean. Halaber, haien jabetzak lapurtu, herri lurrak suntsitu, senideak umiliatu eta, hainbat hamarkadatan, isiltasuna eta ahanztura ezarri eta beldurra zabaldu zuten".
Ziurtatu dutenez, "monumentuak sarraski horiek eragin eta babestu zituzten ideologiak ospatu eta goraipatzen ditu, inposatutako pentsamendu bakar eta totalitarioaren sinbolo apologetikoa da". Eraikinak "gogorarazten eta ohoratzen" dituztenak "haien bizilagunak erail eta errepresaliatu zituzten eta 'zerrendak' asmatu zituztenak" direla azpimarratu dute. Halako eraikin batek elkarteen memoriaren aldeko gure borrokari zentzua kentzen dio. Eta gogorarazi zuten nazioarteko legeriak gizateriaren kontrako krimen eta genozidio krimen gisa kalifikatu dituenean gertaera horiek goratzen dituen eraikin hori ezin duela zutik segi, nabarmendu dute.