Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Nafarroako udalerri eta kontzejuetako zerbitzuak finantzatzeko funtsaren banaketa ezarri du. Guztira 300.384.722 euro banatuko ditu, joan zen urtean baino 11 milioi gehiago (%4ko hazkundea). Dirutza horretatik Sakanako toki erakundeek 9.288.364,16 euro jasoko dute. Kopuru hori gobernuak banatuko duenaren %3,09 da. Sakanak Nafarroako populazioaren %3,06 du. Ibarreko toki erakundeetatik udalek 9.093.141,31 euro jasoko dituzte (%97,90) eta kontzejuek, berriz, 195.222,85 euro (%2,10).
Udal finantzaketaren eredu berria 2022an jarri zen indarrean eta nahikotasun, justizia eta lurralde elkartasunaren printzipioetan oinarritzen da. Foru administrazioak banatuko dituen 300 milioi euroetatik 232 milioi euro udalendako eta kontzejuendako dira, eta ohiko gastuei aurre egiteko aukera ematen die. Banaketa formula berriak bederatzi aldagai ditu, eta 2.500 biztanletik beherako udalerriek tarteka zenbateko finkoak jasoko dituztela bermatzen du, udal txikienek ere oinarrizko gastuak estaltzeko beharrezko baliabideak izanen dituztela bermatuz, biztanle kopuruaren mende egon gabe. Gainera, 22,5 milioi euro toki-erakundeen artean banatzen dira Zerbitzuak Finantzatzeko Funtsaren bidez, 0-3 urte bitarteko zentroetan, haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetan eta liburutegietan ematen dituzten zerbitzuen arabera. Azkenik, Lurralde Kohesiorako Funtsak 18,2 milioi euro banatuko ditu Nafarroako lurralde garapenean berebiziko garrantzia duten 30 udalerrien artean. Horien artean daude Altsasu eta Irurtzun.
Iritzia
Zuzendari nagusiak esan duenez, "eredu horrek aurrekaririk gabeko egonkortasuna ematen du toki erakundeen finantzaketan eta udalerriei eta kontzejuei zuzendutako zenbatekoa Kontsumo Prezioen Indizea gehi 2 puntu handitzen du urtero. Era berean, aurreko banaketa-sistemaren lurralde-desberdintasunak zuzentzen ditu, udalerri txikien eta sakabanatze geografiko handia dutenen finantzaketa indartuz". Gaineratu duenez, funts horretatik jasotakoa udalerri eta kontzejuen sarrera arrunten %33 da. “Horrek esan nahi du udal zerbitzu publikoen herena toki ogasunek Nafarroako zergetan duten partaidetzaren kontura finantzatzen dela".
Arduradunak azaldu duenez, "esleipen historiko horrek Nafarroako Gobernuak toki entitate guztien finantza egonkortasunarekin eta bidezko garapenarekin duen konpromisoa azpimarratzen du. Funtsak banatzeko eredu horren bidez, Nafarroako udalerri eta kontzeju guztiek herritarrei kalitatezko zerbitzuak ematen jarraitu ahal izatea bermatzen da, lurralde kohesioa eta gizarte ongizatea sustatuz".
Toki erakundeak finantzatzeko funtsaren banaketa
Udalerria Kontzejuak Kopurua
Irurtzun 1.190.848,37
Arakil 328.429,91
Aizkorbe 0
Urritzola 2.455,80
Errotz 8.457,96
Izurdiaga 23.714,99
Etxeberri 8.719,19
Egiarreta 12.114,59
Etxarren 22.347,29
Ekai 5.042,67
Zuhatzu 6.133,58
Satrustegi 7.492,30
Hiriberri Arakil 17.048,32
Ihabar 17.306,78
Irañeta 86.453,81
Uharte Arakil 379.498,19
Arruazu 70.602,67
Lakuntza 537.689,35
Arbizu 553.769,38
Ergoiena 144.308,51
Unanu 13.591,26
Dorrao 18.782,45
Lizarraga 27.646,42
Etxarri Aranatz 1.022.714,81
Lizarragabengoa 4.369,25
Bakaiku 156.786,88
Iturmendi 217.138,31
Urdiain 292.730,53
Altsasu 3.371.757,47
Olatzagutia 579.884,62
Ziordia 160.528,50
Sakana 9.288.364,16