Musikoterapia eta psikomotrizitate ikastaro eskaintza

Guaixe 2024ko ira. 23a, 11:29

Etxarriarrak plazan. ARTXIBOA

Adimen urritasuna duten sakandarrei zuzenduta dago.

Sakanako Mankomunitateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zerbitzuak musikoterapia eta psikomotrizitate ikastaroa antolatu du. Horretan Milakolore elkartearen, Etxarri Aranazko eta Altsasuko udalen eta Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du. Adimen urritasuna duten sakandarrei zuzendutako saioak dira. Astearteetan Etxarri Aranazko musika eskolan eginen dira eta asteazkenetan, berriz, Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean. Bietan ere, 16:30etik aurrera. Garagarrilera arte iraunen du ikastaroak. Ikastaroa euskaraz izanen da. Norbaitek euskaraz ez badaki, azalpenak gaztelaniaz emango zaizkio.

Izena emateko epea irailaren 27ra arte izanen da zabalik. Horretarako 948 464 866 telefono zenbakira hots egin edo kirolak@sakanamank.eus e-posta helbidera idatzi behar da. Ikasturteko prezioa 50 eurokoa da, baina Milakolore kide direnei elkarteak berak ordainduko die ikastaroaren kostua.