Bardoak txapelketaren lehenengo puntuak

Guaixe 2024ko ira. 20a, 12:00

Bardoak 2024ko bigarren saioa, Sunbillan, Pikutara goaz taldearekin. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Irailaren 13an eta 14an jokatu zen Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketaren lehenengo fasearen lehenengo asteburua. Sakandarrez osatutako bi taldek parte hartu zuten: Pikutara goaz eta Manteleko sobrak; azken honek irabazi zuen Lizarran.

Lesakan, Sunbillan eta Lizarran jokatutako hiru saioekin hasiera eman zioten Bardoak 2024ko txapelketari. Sakandarrez osatutako bi taldek parte hartu zuten taldekako bertsolari txapelketaren lehenengo asteburuan: Irurtzun eta periferiako Pikutara goaz taldea irailaren 13an, ostiralean, aritu zen eta Altsasuko, Barañaingo eta Leitzako bertsolariek osatzen duten Manteleko sobrak taldea Lizarran aritu zen, larunbatean; taldea saioaren garaile izan zen, eta lehen puntua jaso zuen.

Manteleko sobrak taldearekin batera, Hor gu! eta Malerreka ez da Baztan izan dira Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketaren lehenengo asteburuko irabazleak, eta bigarren fasera pasatzeko bidean lehen puntua jaso dute.

Irailaren 13an, ostiralean, hasiera eman zioten 2024ko Bardoak txapelketari Lesakan eta Sunbillan jokatutako bi saioekin. Lesakako Beheko plazan jokatu zen lehenengo saioa, eta bertan eskualdeko Hor gu! taldeak eta Erronkari eta Iruñerriko bertsolariek osatzen duten Errimaren matxinatuak taldeak parte hartu zuten. 40 bat lagun elkartu ziren etxeko taldeko hiru bertsolariak eta alde bisitariko hiruak entzuteko. Gai emaile lanetan Uxue Mesa, Ane Telletxea eta Iratxe Muxika aritu ziren. Ariketa guztiak egin ondoren, Bortzirietako taldeak eskuratu zuen puntua.

Bigarren saioa Sunbillako Ulibeltza Elkartean jokatu zen, eta bertan Malerrekako Malerreka ez da Baztan, etxeko gisara, eta Irurtzun eta periferiako Pikutara goaz taldeak aritu ziren, 40 lagun ingururen aurrean. Gaizka Baigorri, Xuban Etxegia eta Jon Aldabe ibili ziren gai jartzaile lanetan, eta etxeko taldearentzat izan zen puntua.

Irailaren 14an, larunbata, Lizarrako La Bota peñan jokatu zen asteburuko hirugarren saioa, 40 bat lagunen aurrean. Etxeko taldea Lizarrako Assurancetoruix eta Leitza, Altsasu eta Barañaingo Manteleko sobrak taldeak aritu ziren kantari, Ekhiotz Prieto gai jartzailearen aginduetara. Talde bisitariak eraman zuen puntua.

Sakanara
Irailaren 20an, ostirala, jokatuko da Bardoak txapelketaren bigarren asteburua, eta saioetako bat Sakanan jokatuko da; Olatzagutiako Maisuenea gaztetxean Joiak bertsolari sakandarrez osatutako taldea eta Iruñerriko EzKrashak taldea ariko dira. Saioa 19:00etan hasiko da. Iruñean, Lekunberrin eta Lekarozen izanen dira ere saioak.