Futbola

Txapela kentzeko modukoa

Guaixe 2024ko ira. 24a, 12:15

Altsasuk 2-1 irabazi zion Orkoiengo Kirol Sporti. UTZITAKOA

Gizonen erregional mailan garaipen potoloak lortu zituzten Altsasuk, Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak 

Asteburuan gizonen erregional mailako bigarren jardunaldia jokatu zen, eta ezin hobea izan zen talde sakandarrendako. 

Altsasu liderrak Kirol Sport taldea hartu zuen irailaren 21ean Dantzalekun. Hasieratik partida alde jarri zitzaion Altsasuri, 4. minutuan Unai Calvok gola sartu zuelako. Hortik aurrera partida borrokatua izan zen, baina atsedenaldira joan baino lehen Asier Claverrek Altsasuren bigarren gola sartu zuen eta talde gorritxoa lasaiago joan zen aldageletara. Bigarren zatian bere horretan jarraitu zuen partidak. 60. minutuan Hugo Martinezek Kirol Sporten lehen gola sartu zuen eta Orkoiengo taldea 2-1 hurbildu zen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 2-1 irabazita, bigarren garaipena jarraian lortu zuen Altsasuk. 

Etxarri Aranatzek, bere aldetik, irailaren 21ean Atarrabiako Beti Onak B taldea hartu zuen San Donato zelaian. Etxarriarren nagusitasuna erabatekoa izan zen, partida hasieratik. Jon Erdoziak mustu zuen markagailua 9. minutuan, eta Joanes Mikeok 2-0 aurreratu zuen etxeko taldea. Atsedenaldia baino lehen Ander Otamendik sartutako golarekin 2-1 hurbildu zuen Beti Onak B, baina ilusio hutsa izan zen, bigarren taldean iritsi baitzen Etxarriren gol festa: Aratz Mariñelarena, Oinatz Carreño, Adrian Olaiz, Aimar Lizarraga, Jon Erdoziak eta Javier Fernandez de Garaialdek kontrako atean asmatutako golei esker, 8-1 irabazi zuen Etxarrik, garaipen ederra. 

Lakuntzako Lagun Arteak ere sari ederra ekarri zuen Iruñetik, Amaya futbol zelaian Alde Zaharreko Klubaren kontra 1-5 gailendu eta gero. Bi taldeek lehia estua izan zuten, baina Sael Ozoriak eta Gorka Egurzak 0-2 aurreratu zuten Lagun Artea lehen zatian, eta bigarrenean joera berberak jarraitu zuen, Alvaro Codonek eta Mikel Ieregik sartutako golekin 0-4 aurreratu baitziren lakuntzarrak. Maren Nanclaresek Alde Zaharreko Klubaren lehen gola sartu zuen, baina azken minutuan Mikel Ieregik lakuntzarren bosgarrena sartu eta gero, 1-5 borobildu zuen markagailua. 

Sailkapena eta datorrena
Erregional mailako sailkapenean San Jorge jarri da lider (6 puntu) golaverage kontuarengatik. Altsasu bigarren da, puntu berberekin. Etxarri Aranatz bosgarren postura igo da (4 puntu) eta Lagun Artea seigarren postura (4 puntu). 

Altsasuk sailkapenean hamalaugarren den Beti Kozkor B taldearen kontra jokatuko du irailaren 28an Lekunberrin, 16:00etan. Egun eta ordu berean, Barañainen, sailkapenean hirugarren eta arerio zuzena den Lagunak B taldea du aurkari Etxarri Aranatzek. Lagun Arteak, aldiz, etxean jokatuko du eta irailaren 28an sailkapenean hamargarren den Baztan B taldea hartuko du, 16:00etan, Zelai Berrin.