Esango nuke Uharte Arakil Beriain Km Bertikaleko podiumera igotzen zaren lehen aldia hau izan dela.
Hasteko eta behin, Km Bertikalean nire lehenengo parte hartzea hauxe izan da. Urtero antolakuntzan aritu izan naiz, baina beti proba egiteko zera hori bueltaka banuen. Beldur pixka batekin, baina izena eman nuen eta aurten egin dut. Gainera, lehenengoa izan naiz Uharte Arakilgo emakumeen artean, eta oso pozik nago.
Bezperako euri jasengatik proba bera zalantzan egon zen. Ohi bezala Beriainera jo, edo B plana aktibatzea izan zen antolakuntzaren zalantza, San Migelera igotzea. Pertsonalki, zalantzaren bat izan zenuen atera edo ez erabakitzeko unean?
Ez. Tximista edo trumoiak entzun izan banitu, agian bai, baina, bestela, ez nuen zalantzarik. Argi nuen aterako nintzela.
Bezperako euriak zirela, lokatz handia espero zen. Horrenbesterako izan zen?
Bezperan, dortsalak banatzen ari ginela, arratsaldean bota zuenarekin ibilbidea guztiz lokaztuta egongo zela espero genuen. Ni lehenengoetarikoen artean atera nintzen, baina lokaztuta zegoen lehenengo zati hori kenduta, atsegina egin zitzaidan ibilbidea, ez zen gehiegi irristatzen. Ez zait iruditzen bezperan bota zuenaren ondoren oso txarra zegoenik.
Lehen emakume uhartearra izatea espero al zenuen? Segundo batzuk atera zenizkion Maite Beregañari.
Ez nuen espero. Proba zenbat denboran egiteko gai izango nintzen, gutxi gorabehera, banekien, baina aurreikusi baino pixka bat gehiago hobetu dut nire denbora. Ordu bat, minutu bat eta 37 segundotan egin nuen, eta ordu bat eta 3 minuturen bueltan ibiltzea espero nuen.
Aurtengoa ez zen errekorrak egiteko egunik aproposena, baina zuretako, aldiz, bai.
Bai, horrela atera da. Oso pozik nago. Hasieratik indartsu sentitu nintzen. Niretako erronka bat zen, proba bat, halako lasterketa motza oso esplosiboa delako. Lasterketa luzeagoak erosoago egiten zaizkit, lasterketan barna une ezberdinak ditudalako, eta agian momentu batean abiadura mantsotzen duzu, eta hurrengoan azkartu, baina hemen, hasieratik, ahal dudan guztia eman beharra nuen.
Bi semeak trofeoa hartu nahian mokoka ibili dira.
Bai (kar-kar). Galdetzen zidaten: “baina lehenengoa izan zara?”, eta nik: “bai, baina Uhartekoa”. Goiz partean uste dut beraiek ere urduri egon zirela. Herrian lehenengo aldiz parte hartzen nuenez, beraiendako ere berezia zen. Izan ere, herrian aldatzen da; urduritasunaren aldetik, nabaritzen da.
Presio gehiago, agian?
Presioa, nik neure buruari jartzen diodana. Gero, egia da herrian jendeak izugarri animatzen duela.
Zeuek zarete zorrotzenak zeuen buruarekin.
Zalantzarik gabe.