Aralarren Ugaitz bikote bat dago eta bikote horrek txitoa izan du aurten. Eta Nafarroako Ingurumen Departamentuak agorrilean jakinarazi zuenez, txito horrek koskortu ondoren hegan egitea lortu du.
Ugatza bertako berezko espezie bat da?
Bai, gure artean beti egon den espeziea da. Baina, egia da, mehatxatutako espezieen katalogoan sartuta daukagula, desagertzeko arriskua duelako. Duela hamarkada batzuetatik dago egoera larrian, baina badirudi, Nafarroan behintzat, bere egoera pixkanaka hobetzen ari dela.
Zergatik dago desagertzeko arrisku larrian?
Gehienbat bere bazkagatik. Ugatza oso-oso espezializatuta dago abereen hezurrak jaten. Abeltzaintza estentsiboaren gainbehera bat daukagu, gero eta abere gutxiago daude mendian. Hori izan daiteke arrazoi nagusia, baina duela urte asko gainbehera izugarria izan zuen. Beste garai batzuetan, gosea zeukatenean, segur aski ehizatu zuten. Bakarra beharrean arrisku faktore ugari egonen dira.
Aralarren bikote bat dago, noiztik?
Kiriku izeneko ugatza duela 15 urte pasa azaldu zen estreinakoz. Arra zen, Irunberri aldetik etorri zen. Han jaio zenean nire lankideek markatu zuten eta Araitz inguruan aspaldi ikusi genuen. Ondoren beste batzuk azaldu ziren. Markatuta zegoen Muel emea bere bikotekidea izan zen. Eta duela 6 bat urte beste ar bat urte etorri zen, eta Aralar inguruan ugatz klima bat sortzen joan da. Kiriku dagoeneko ez dago, duela urte batzuk desagertu zen, segur aski adinagatik hila egonen da. Muel eta beste ar bat, Eder, duela bost-sei urte saiakerak egiten izan dira, kabia egiten-eta. Saiakerak egin dituzte, baina umatzea aurrera ateratzea oso zaila da. Hainbat faktorerengatik orain arte ez zuten lortu eta aurten, estreinakoz, lortu dute txitoa jaiotzea, haztea eta bere kabuz kabitik salto egitea. Hori da berezitasuna, aurten lehen aldiz txito batek hegan egin duela.
Zergatik da lorpen bat txitoak hegan egitea?
Desagertze arriskuan dagoen mehatxatutako espezie bat da estatuan, eta ale bakoitzak kontatzen du. Nafarroan beti Pirinio aldean lortu da: Erronkarin, Zaraitzun, Irunberrin. Pirinioetako klimarekin askoz ere erraztasun handiagoarekin egiten dute kabia. Eta aurten lehen aldiz izan da handik kanpo, eta non eta Aralarren. Hori Nafarroarendako oso garrantzitsua da.
Aralarren ugatza egonkortzeak zer ekar lezake?
Gauza horiek ikusmira pixka bat zabalagoarekin begiratu behar dira. Penintsula osoan mendebalderago ez dago beste ugatz bat Asturiaseraino, Europako mendiak arte. Oso garrantzitsua da ugatza Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaitik pixka bat hedatzea, noizbait Kantaurialdearen eta Pirinioen arteko lotura naturala egiteko. Bi populazioak lotuta baleude ugatza, espezie bezala, estrategikoki asko aberastuko litzateke. Ilusio hori dugu Europako mendiak eta Pirinioak elkartzea.
Kiriko, Muel... Ugatzak izenez ezagutzen dituzue?
Bai. Joera dago izena jartzeko, baina, gehienbat, markatuta daudenean erraza da identifikatzen. Batzuk hala daude eta beste batzuk ez. Beste batzuk jaiotzen diren lekuan hegan egiten dute eta inoiz ez dute gurekin erlaziorik izaten. Markatzeko norbaitek sare batekin hartu behar du eta marka bat jarri hegalean. Markarik ez duena arra da. Eder deitzen diogu. Baina markatu gabeko beste ugatz bat etorriko balitz ez genuke jakingo zein den zein. Eta egun batean Ederrek alde eginen balu, ez ginateke konturatuko. Markarik ez dutenean identifikatzea oso zaila da. Argazkiekin bai, baina ugatzek lumak ere aldatzen dituzte.
Muel eta Ederren txitoak zein izen du?
Araitz, han jaio baita. Saiatu ginen beste izenen bat pentsatzen, baina, azkenean, Araitzekin geratu da.
Hegaztia ezagutzen
Ugatzak luze bizi dira?
Bai, bai. Jaio eta 6 edo 7 urteetara sexu heldutasunera iristen dira. Baina ugatzak 30 urte inguru bizi daitezke. Hortik gora, oso arraroa da. Gure bizi itxaropenarekin alderatuta motza dela dirudi, baina hegazti batendako bada.
Bizitzeko mendiak malkarrak gustatzen zaizkio?
Bizitzeko babeslekuak behar ditu, pareta luzeak. Eta lurretik pixka bat urrun egon behar dute, lurrean mehatxuak baitaude. Arrautza kabian jarri eta denbora luzez mehatxuei aurre egin behar diete. Edozein ugaztun haragijalek arrautza edo txito jaio berria jateko aukerarik ez izateko. Orokorrean, hegazti harrapakari guztiek kabiak paretetan dituzte. Ugatzak beti, bai. Lasaitasun puntu bat behar du.
Pirinio aldetik Aralarrera etorri ziren. Zer etortzen dira bikoteak edo banaka?
Normalean, banaka azaltzen dira. Beraien bizitzan dispertsio fase bat daukate. Logikoena da Pirinio aldean jaiotzea eta pixka bat heltzen direnean sakabanatzen hasten dira, beste lurralde batzuk bilatzen eta, normalean, banan-banan azaltzen dira. Aralarren, Malloak inguruan azaldu zenetik, esan daiteke banan-banan datozela. Bertan egiten dituzte bikoteak.
Behin kokatuta, ugatz bikote baten lurraldean beste bikoterik egon daiteke?
Bikote bakoitza saiatzen da bere lurraldea egiten, eremu zabalak dira. Animalia guztiak bezala, konpetentzia egiten diote elkarri. Beraz, ar bat zahartzen ari denean logikoena da beste ar batek bere lekua hartzea. Hemengo honek oso-oso-oso eskualde zabala dauka. Umatzea Malloetan egin du, baina bazka toki ugari ditu: Lizarraldean, Urbasa-Andian, Gipuzkoako Aralarren... Oso-oso etxe handia daukate.
Zein dieta dute?
Ugatzak hezurretan bereizi egin dira, hezurrak irensteko abilidadea dauka. Horien digestioa egiteko gai dira, beste hegazti batzuk egin ezin dutena egiten dute. Putreek eta arrano beltzek haragia jaten dute eta hezurrak uzten dituzte. Ugatzak zikloaren azken fasea ixteko gai dira.
Nahikoa jateko badu?
Abeltzainek hildako azienda botatzeko toki batzuk dituzte, bazkatokiak. Ergoienan bat dago. Ez da bazkatokia, baina Irañeta eta Uharte Arakil artean hildako abereak botatzeko espazio bat dago. Eta halakoetan jateko zer geratu den ikustera ugatzak azaltzen dira. Horretaz aparte, inguruetako basozainak aparteko bazkatoki bereziak ditugu ugatzendako eta haietan bildots hankak botatzen ditugu astero, 5-10 kilo artean, pixka bat laguntzeko. Horrek leku batean geratzen laguntzen die. Hori da pixka bat animalia honekin egiten dugun kudeaketa.
Beste aldetik, haiendako garrantzitsuena da abeltzaintza estentsiboa egotea, mendian ardiak, ahuntzak... Azienda mendian naturalki hiltzea putreendako, ugatzendako hori onena litzateke. Beti izan da horrela. Horregatik galdetzen didatenean ugatza nola lagundu daitekeen beti erantzuten dut abeltzaintza estentsiboa lagundu behar dela. Hori da garrantzitsuena. Mendiak mantentzeko ere azienda han egotea garrantzitsua da. Hori bai, urte batzuetan izugarrizko gainbehera izan du.
Ugatzak hezurrak jaten dituenez, abeltzainak lasai egon beharko lukete?
Bai. Abeltzainek putreekin askotan liskarrak izaten dituzte behor, behi edo ardiren bat erditzerakoan, edo oso ahul dagoenean, putreek hiltzen laguntzen diote, eta jaten. Taldean aritzen dira eta haragia jatera ohituta daude. Ondoren beste animalia batzuk etorriko lirateke: ugatzak, beleak... Ekosistema oso zabala dute gure mendiek. Baina ugatzak ez dira horretarako gai, abeltzainekin ez luke inoiz liskar bat izan behar. Azkenean, hezurrak besterik ez ditu jaten, azken fasea egiten du.
Sexu heldutasunera heltzean, 6-7 urte, hortik aurrera erreproduzitzen dira?
Hori da, adin horretan hasten dira bikotekidea bilatzen. Horregatik izaten da normalena, adibidez, Pirinioetan jaio den ugatz bat adin horrekin hemen azaltzea. Bere unea iritsi da eta bere bidea egitera doa. Hortik aurrera urte batzuez saiakerak egiten dituztenak, eta batzuek lortzen dute bikotekidea izatea, beste batzuek ez. Irunberritik etorritako Kiriku bikotekidea lortu zuen jada adin handia zuenean. Beraz, esan liteke bere heldutasun guztia bakarrik pasa zuela.
Arrautza asko izaten dituzte?
Normalean urtean bat jartzen dute. Bi jar ditzakete, baina arraroagoa da. Haien estrategia arrautza bakarra jartzea da. Eta denbora luzez zaintzea. Haiek daukaten mehatxuetako bat da oso-oso ugalketa fase luzea daukatela. Ilbeltza aldera jartzen dute arrautza kabian. Ordutik txitoa hegan egin arte pasatzen dira sei edo zazpi hilabete. Txitoa jaio arte 50 egun inguru pasatzen dira. Araitzen kasuan 53 egun pasa ziren arrautza hautsi eta txitoa jaiotzeko. Ondoren beste 140 egun txitoa handitzeko. Denbora tarte horretan guztian arazoak egon daitezke. Oso, oso, oso zaila da ziklo guztia modu onean osatzea.
Txitoak gurasoekin egoten dira?
Garai honetan ikusi dugu ia beti gurasoekin hegan egiten. Baina negua iristen ari da jada. Logikoena izango litzateke negu honetan gurasoek beste kabi bat egiteko saiakera egitea. Eta hori egin aurretik, kumea pixka bat etxetik bidali behar da. Dagoeneko ikusten ari gara Araitz bakarrik hegan egiten. Ona izango litzateke hemendik abendura geroz eta gehiago bakarrik egitea bere bere sakabanaketa. Eta, hemendik aurrera, ez dakigu zer gertatuko den, inguruan geratuko den, Gipuzkoa aldera joango den, Urbasa aldera joango den... Naturak bere bidea jarraitu beharko du.
2030-31ra arte itxaron beharko dugu bikotekidea opatu duen edo ez jakiteko?
Hori da. Beste batekin elkartu beharko luke hemendik 6 edo 7 urtetara. Eta leku aproposa bilatu beharko lukete, pareta on bat. Eta han beste ugatz bat umatzeko zikloa martxan jartzea. Oso berri ona litzateke ugatzak Sakanan bere zikloa eginen balu.
Ugatza zer moduzko aldamena da putre, arrano eta beste hegaztiendako?
Nik uste dut auzokide ona dela, onegia. Arrano beltza, esaterako, askoz ahaltsuagoa da edo arriskutsuagoa izan daiteke, oso lurraldekoia da. Bizilagun gisa uste dut ugatza beti azkena dela, beti besteen tarteak hartzen. Putreak askoz gehiago dira eta egokitzapen oso ona egin dute inguru honetan. Ilarako azkena da. Beno denetik dago, badaude oso markatuta dauden beraiek eskualdeak. Pirinio aldean, pareta batzuetan, ugatzak estatus pixka bat du. Beste leku batzuetan, berriz, azkena da. Bestalde, pertsonok kirol jarduera anitz egiten ditugu mendian eta gu ere animalia desplazatzeko gai gara eta, horregatik, gure lanaren horri arreta berezia jarri behar izaten diogu.
Zeri?
Eskalada eta mendi jarduerak dira nabarienak. Baina baso lan asko egiten da. Guk argi ibili behar dugu eta ugatzak kabia non jarri duen jakin, baso jarduera horiek mugatzeko. Demagun, umatze garaian, ilbeltzetik aurrera, norbaitek, udal edo partikular batek, pinudi bat bota nahi duela kabitik gertu. Arautu beharko genuke eta zuhaitzik bota gabeko epeak zehaztu beharko lirateke, apika udara pasa arte ezingo litzateke zuhaitzik bota beharko kabitik hurbil. Eskalatzaileekin gauza bera. Pertsonak ugatza, sai zuria, arrano beltza edo beste edozein espezie umatzen dagoen paretara igotzen bagara... Hori mugatu behar izaten da, eremu batzuk libre utzi behar dira, urte guztian hegaztien babesleku izateko. Eskalada egiteko ohitura dauden paretetan beharbada eskaladarako epeak mugatu behar ditugu, esaterako, ilbeltzetik agorrilera ezin da eskalatu. Halakoetan, eskalada bideak zigilatu egiten ditugu, eta, azpiko aldean, epe batean eskalada ezin dela egin esanez abisu kartelak jartzen ditugu. Guk ere, espezie gisa, mehatxu bat izan gaitezke
Iruditzen zait basozainak bazaretela nolabait Araitzen gurasoak.
Bai, esan digute noizbait: "hau zuen semea izan liteke". Sakana-Mendialdea eskualdean basozainen talde handia gaude eta guztion artean ordu asko sartzen ditugu. Ziurrenik astero joaten gara. Eta garaiaren arabera, ia egunero jarraipena egitera. Umatzen dagoenean oso jarraipen handia egin behar diogu. Beraz, bai, urtetan egindako ahaleginagatik, bai, seme bat bezala sentitzen dugu, bai.
Araitzen bikotekidearendako izena prest duzue?
Egin dezala bere bidea eta hautatu dezala bere bikotea, edo hirukotea. Ikus dezatela.