Nire herriak, Lakuntzak, baditu aberastasun ezberdinak. Badu industriagune garatu bat, herritarrei lana bermatzen diena.
Eskura du, halaber, natura, basoa, oihana, herriari arnasa ematen diona, etxeak berotzeko egurra ematen diona eta isiltasunaz gozatzeko aukera ematen diona.
Lakuntzak badu musika eskola, dantza taldea, futbol taldea, mendi elkartea… herri bizia da Lakuntza.
Horrek denak hainbat eta hainbat bizilagun berri ekarri izan ditu beti Lakuntzara. Bizi hobeago baten bila etorri direnak asko izan dira hamarkadetan. Espainiatik, Hego Amerikatik eta azken aldian Afrikatik ere bai. Eta bertatik, Afrikako herrialde batetik etorri ziren behin Lakuntzara Nei eta haren familia.
Nei 8 urteko neskatxa beltza da. Azala iluna du, irribarre zabal eta distiratsua eta begi handiak, ilargi beteko gau argitsu baten antza hartzen dute zuri begira daudenean. Altua da Nei. Hanka luzeak eta gorputz liraina ditu, telebistan maratoia egiten aritzen diren emakume argal eta gihartsu horien antz ikaragarria du Neik.
Arima gardena dauka Neik, zoriontsu dela ikusten da; polita da Nei bizikletan, laisterkan edo patinetan ikustea, haren begirada argiarekin begira beti. Nire alabak uda erdia eman du harekin jolasten. Gozamena da aurreiritzirik gabe Neirekin nola konektatu zuen ikustea eta ederra elkarrekin euskaraz ari direnean.
Euskara gutxitan aditu daiteke Afrika erdialdeko azentu bereziarekin, eta Lakuntzak hori ere irabazi du. Erronka handia da euskara baliogarri izanen zaiela ikustaraztea eta sinetsaraztea. Gaztelera nagusi da herrian oraindik; euskara, "auskia", bere lekua berreskuratuz badoa ere, ez da erraza jendea gurera ekartzea, baina nork esanen zidan niri duela 20 urte afrikar jatorrizko lakuntzar euskaldunak izanen zirela herrian barna?
Irabazle atera da Lakuntza. Herriari kolorea ematen dio eta ziur naiz epe ez oso luzean aberastasuna ekarriko diola, herriak duen altxorrari, euskarari alegia, doinu eta soinu berriak emanez.