Euskal Herri osotik etorritako berrehun lagunetik gora Euskaraldia ON! Topaketan parte hartu zuten Eibarreko Coliseo antzokian atzo. Antolaketan ibili diren edo ibiliko diren boluntario, teknikari eta eragileak ziren, guztiek ere Euskaraldiaren laugarren edizioa begiz jota dutena, 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo dena. Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak esan zuenez, "konbentzituta nago, handia dela herriz herri elkarrekin egitera goazena". Horrekin batera, Euskaraldia ariketa bera jendea aktibatzeko eta saretzeko "tresna ezin hobea" izan daitekeela gaineratu zuen: "ahalik eta komunitate zabalena jarri nahi dugu dantzan, euskararen alde". Topagunekoak argi dute: "herrietako mugimendurik gabe ez da Euskaraldirik posible izango". Atzoko topaketarekin Euskaraldiko laugarren edizioaren lehen pausoa irudikatu nahi izan zuten.
Garazi Azkuek eta Goiatz Urkijok, Euskaraldiaren komunikazio arduradunak eta koordinatzaileak, hurrenez hurren, hurrengo edizioaren hainbat gako eman zituzten, "gozatzeko, hunkitzeko eta ongi pasatzeko aukerak" izango ditugula nabarmenduz. Ondoren, Kike Amonarriz eta Manex Agirreren (Gorbeialdeko euskara teknikaria) txanda izan da. Biek euskararen bueltan herritarrak aktibatzeko gakoak eskaini zituzten. Herrietan Euskaraldiaren antolaketara kideak batzeko modu berriak proposatu dituzte, eta helburu horrekin aurkeztu dute Euskara aktibatzaileen gida-liburua, Euskaraldiak ondutako gida praktikoa. Gidak emango ditu, beraz, Euskaraldiaren mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko, ekintzak antolatzeko eta indarberritzeko hainbat gako.
Herrien izen-ematea irekita
Ehunka herritan sortutako batzordeek ahalbideratu dute hasieratik Euskaraldia. Aurreko ediziotan 400dik gora herritan antolatu zen ariketa; herritarrek, euskara elkarteetako kideek,
udaletako ordezkariek edota entitateetako arduradunek osatutako batzordeek antolatzen dute Euskaraldia herriz herri.
Laugarren edizio honetarako ere egin dute antolatzen hasteko deia "batu eta osatu batzordea, eman izena Euskaraldian!" Dagoeneko herriek izena emateko aukera dute, www.euskaraldia.eus webgunean bertan.
Norbanakoen txanda, ordea, 2025eko martxoan izango da; orduan izango dute belarriprest eta ahobizi guztiek Euskaraldian izena emateko aukera.
Lastailak 24
Euskaraldiaren laugarren edizioaren aurkezpena eginen dute Iruñeko Nafarroako Antzerki Eskolan.