Astekaria

Bardoaken bigarren asteburuan irurtzundarrendako puntu bat

Guaixe 2024ko ira. 27a, 14:39

Maisuenea gaztetxean jokatutako saioa. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Nafarroako taldekako bertsolari txapelketaren bigarren asteburua jokatu zen irailaren 20an, ostiralean

Aurrera doa Bardoak Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa. Bigarren asteburuan lau saio jokatu ziren, horietako bat irailaren 20an, ostiralean, Olatzagutiko Maisuenea gaztetxean jokatu zen. Bertan Joiak sakandarrez osatutako taldea eta Iruñerriko EzKrashak taldeak izan ziren kantuan, eta bisitariek eskuratu zuten puntua. Lekunberrin, Lekarozen eta Iruñean jokatu ziren beste saioak, 150 ikusi ingururekin eta giro "ezinhobearekin". Lehendabiziko fasearen azken asteburua jokatuko da, eta fasea amaituta finalaurrekoak zehaztuko dira. 

Bardoak txapelketaren bigarren asteburuko saioak irailaren 20an, ostiralean, jokatu ziren. Lehenengoa Olaztiko Maisuenea gaztetxean jokatutakoa izan zen, eta D multzoko sakandarrez osatutako Joiak eta Iruñerriko Ezkrashak taldeak aritu ziren. Idoia Granizo, Jone Rubio, Aitziber Leoz, Oier Lakuntza, Iratxe Legarra eta Olatz Bados bertsolari sakandarrek osatzen duen taldeak ezin izan zien iruindarrei aurre egin, eta talde bisitariak eskuratu zuen puntua. Iratxe Legarra izan zen gai jartzailea, eta 70 bat lagun izan ziren saioan, "giro ederrean". 

Lekunberriko Printzan jokatu zen ostiraleko bigarren saioa eta bertan herriko eta Irurtzungo bertsolariez osatutako Pikutara goaz eta Barañain eta Atarrabiako Argako Bixiguak taldeak izan ziren parez pare, 25 lagunen aurrean. Zigor Gartzia Zianek egin zituen gaijartzaile lanak, eta, "etxekoek", Aitor Irastortza, Julen Bernardo de Quiros, Joana Ziganda, Endika Legarra, Zigor Gartzi, Juan Felipe Lizarraga Ipe eta Jose Martin Mugiro bertsolariek osatzen dute taldeak irabazi zuten puntua. 

Ordu beretsuan izan zen Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean saioa eta bertan Drimtim eta Lizarrako Assurancetourix taldeak aritu ziren. Bertako taldeak eskuratu zuen saioko puntua, eta ondoren merendu bikaina prestatu zuten etxekoek, eta entzuleak eta bertsolariak "giro onean" aritu ziren solasean, "Bardoetan ohikoa izaten den bezala". Lekarozko plazan jokatu zen asteburuko azken saioa eta bertan izan ziren etxeko Mutilatuak eta Erroibargo Pirini Bardo taldeak. Azkenean, Bortziriak-Baztango taldeak eskuratu zuen puntua. 

Azken saioak
Lehen fasea bukatzeko bost saio gelditzen dira, irailaren 27an eta 28an jokatuko direnak. Asteazkenean Iruñean EzKrashak eta Mutilatuak taldeen arteko saioa izan zen, hirugarren asteburuari hasiera emanez, eta ostiralean Atarrabian, Erronkarin, Eugin, Leitzan eta Errantzun izanen dira saioak. Joiak sakandarra Eugin izanen da Pirini Bardo taldearekin, eta kide altsasuarrak dituen Manteleko sobrak Leitzan izanen da Drimtim taldearekin. Sei talde pasako dira finalaurrekoetara.