Irailaren 27an Munduko Txirrindularitza Txapelketetako 23 urtez azpikoen errepide lasterketan bi sakandar lehiatu ziren: Igor Arrieta uharte arakildarra (UAE Emirates) eta Iker Mintegi altsasuarra (Euskaltel Euskadi). Espainiako selekzioko taldekideekin lehiatu ziren, eta 173 km eta 2.500 m desnibeleko lasterketa gogorra izan zuten aurretik.
Zirkuitu oso zaila zen Zurichekoa, apenas atsedenik gabekoa, eta hasieratik hasi ziren erasoak. 80 kilometroren faltan 50 txirrindulari geratu ziren aurrean, Igor Arrieta eta Iker Mintegi tartean, Pablo Torres eta Ivan Romeo taldekideekin batera. Sentsazioak onak ziren. Zirkuituko azken itzulian Igor Arrietak eta Ivan Romeok talde nagusian jarraitu zuten, baina bukaerako igoera gogorrean atzean geratu zen, eta ondoren ezin izan zuten aurreko txirrindulariekin bat egin. Ivan Romeo, erlojupeko munduko txapelduna, bederatzigarren sailkatu zen lasterketan, Niklas Behrens txapeldun alemaniarretik 2:27ra, eta Igor Arrieta hamargarren, 2:45era. Iker Mintegi 30. postuan sailkatu zen, lan ona eginda.
Igor Arrietak azaldu zuenez, “Mundialera ilusio handiz nentorren, eta lasterketan oso aktibo egon naiz, baina bukaeran indar pixka bat falta izan da, Top 10ak zapore ona utzi dit”. Halaber, lasterketa “oso gogorra” izan zela nabarmendu zuen. “Mundu guztiak aurrean egon nahi zuen, eta horrek lasterketa gogortu du. Eta, gainera, euria. Horrek ere proba gogortu du”.